Bizkaiko ordainsari berrien helburu bakarra diru bilketa dela salatu dute garraiolariek

Bizkaiko garraiolarien elkarteek ohartarazi dute kontsumo kate osoa garestituko dutela. Ez dute protesta ekintzarik aurreikusten, ezta epaitegietara jotzea ere

Lau kamioi elkar gurutzatzen N-240 errepideko Lemoako tartean (Bizkaia). Errepide horretan ordainsariak kokatuko dituzte. BIZKAIKO ALDUNDIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Bizkaiko errepideetako ordainsari berriak ez dituzte gurekin adostu. Helburu bakarra dute: dirua biltzea. Bizkaiko garraiolariek bakarrik ordainduko ditugu. Eta, noski, kontsumo kate osoa garestituko dutenez, azkenean herritarren poltsikoari eragingo diote». Iragarpena Amaia Martinez Asotrava Bizkaiko garraiolari autonomoen elkarteko presidentearena da, eta Bizkaiko Aldundiak hurrengo urtean ezarriko dituen ordainsari berriez ari da.

Urtebete igaro da Bizkaiko Aldundiak ibilgailu astunei —3,5 tonatik gorakoak— ordainsari berriak ezartzeko asmoa plazaratu zuenetik. Sektorearekin izandako bilerek ez dute haren iritzia aldarazi, eta urtarrilaren 1ean aktibatuko dituzte N-240 (Barazarko portua eta Arratia ibarra) eta BI-625 (Orduñako portua eta Basauri-Laudio bidea) errepideetako kamioientzako kobratze arkuak. Aurrerago aktibatuko dituzte Durango-Kanpazar errepidekoak, Txorierriko igarobidekoak eta Basurtutik-Kantabriarako A8 bidekoak. Azpiegiturak jarri ahala aktibatuko dituzte.

Bizkaiko garraio sektoreak bat eginda salatu du erabakia. Asotravak, Asetrabi patronalak, Hiru sindikatuak eta Transportbilbao Bilboko portuko garraiolarien elkarteak agerraldi bateratua egin dute, neurria kritikatzeko. Elkarteek iragarri dute ordainsari horiek asko garestituko dutela haien jarduna. Bigarren mailako errepideak direla gogoratu dute, eta nazioarteko garraioa egiten duten ibilgailu astunek ez dituztela erabiltzen, «bertakoek baizik».

Elkarteen ustez, %7 eta %10 artean garestitu dezake kamioilarien gastua, 700 eta 1.000 euro inguru hilabetean. «Nik Bilboko portuan edukiontzi bat hartu eta Gasteizera eramateagatik 250 euro kobratzen baditut, orain 290 izango dira. Barazar igo eta jaisteagatik hamazazpi euro kobratu nahi dituzte. Astakeria da! Eta barka, baina Barazar ez da mendiko bide laster bat: mendiko bide lasterrak Austrian daude». Azalpen grafikoa Santi Sanchez Transportbilbaoko kideak eman du.

Bizkaiko Aldundiak argudiatu du, besteak beste, errepide horien mantenua ordaintzeko jarri dituela bidesariak, baina garraiolariek ez dute hala uste, eta neurri baztertzaile dela iritzi diote. «Ibilgailu astunek ordainduko dute bakarrik. Autoek eta furgoneta txikiek, aldiz, ez, eta haiek dira erabiltzaile nagusiak», aletu du Martinezek. Dena den, garraiolariek susmoa dute ordainpeko sistema ibilgailu guztietara zabalduko dela maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondoren. Hala aurreratu du Alberto Nuñez Hiru sindikatuko kideak: «Inbertsio handia izan da, eta arkuak hor egongo dira. Litekeena da ordainketa beste erabiltzaile batzuetara zabaltzea». Nuñezen ustez, halaber, arkuek kalte handiagoa egingo diete garraiolari txikiei.

Greba edo antzekorik ez

Sonia Garcia Asetrabiko presidenteak nabarmendu du agerraldia gizarteari bidaltzen dioten «ohar bat» dela, hark nozituko duelako garestitzea. Era berean, greba edo antzekoetara deitzeko aukera baztertu du, argudiatuta ez dela «beste mota bateko protestak» egiteko garaia. Auzibideetara joateko aukera ere alboratu du: «Bizkaiko Aldundiak Gipuzkoakoak N-1eko ordainsariekin eginiko hanka sartzeetatik ikasi du». Era berean, lau elkarteen ustez, oraindik badago negoziatzen jarraitzeko aukera, eta jarrera aldatzeko galdegin diote Aldundiari: «Gure jarduna are gehiago zorpetuko ez luketenneurriak aztertzeko prest gaude. Nahikoa zerga ordaintzen dugu bestela ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.