“Diruan atzerrian izateak ez du esan nahi iruzurra dagoenik, bakarrik deklaratu ez badute”, horrela azaldu du egoera Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko aldundiko ogasun diputatuak. Ogasunak 2020an zerga iruzurraren aurka borrokatzeko planaren aurkezpenean eman ditu bizkaitarrek atzerrian duten diruaren datuak. Izan ere, eta DAC 2 Europako zuzentarauari esker, ogasunak aurreneko aldiz jakin ahal izan du Bizkaiko zordunek zenbat diru duten atzerrian.
DAC 2 zuzentarauari esker, estatu ezberdinek zergadunen datuak trukatu ditzakete, eta Bizkaiak jasotako informazioaren arabera 11.000 dira atzerrian kontuak edo aktibo finantzieroak dituzten lurraldeko zordunak. Guztira 1.500 milioi euroko balioa duten kontu edo aktiboak dira, eta horietatik 600 Suitzan daude. DAC2ari esker paradisu fiskaltzat joak diren hainbat herrialdeetako informazioa ere jaso dute, besteak beste, Andorrakoa, Bahametako, Kaiman Uharteetakoa, Irlandakoa, Jerseykoa, Luxenburgokoa, Panamakoa edota Suitzakoa.
Datu hauek, baina, 2017koak dira, eta ogasunak iazko udan jaso zituzten. Estatuen datu bilketak eta informazio horren kudeaketak eta trukaketak bi urte inguruko prozesua behar du. eskatzen ditu. Ogasunak orain ikertzen ari da, eta 2020n zehar jakingo du diru horretatik zenbat deklaratu den, eta zenbat den iruzurra.
Informazio hori oso baliagarria izango da iruzurraren aurkako borrokan. Borroka horretan, eta 2020ra begira, ogasunak arreta berezia jarriko du enpresa multzo handietan, haiek baitira zordun handienak. Ogasunak emaniko datuen arabera, eta enpresa zergari dagokionez, Bizkaiak 30.000 zordun ditu, baina sozietate zergaren %52 239 enpresa multzoren artean pilatzen dute. Multzo horiek 2.000 zordun inguru dira guztira.
Hori, aurrera begira, aldiz, 2019ko errentari dagokionez, Bizkaiko zordunek 59.000 ordainketa geroratzea eskatu zuten, guztira 772 milioi eurokoak. Ogasunak horietatik 55.000 onartu zituen, guztira 443 milioi eurokoak. 55.000 horietatik 592 gelditzen dira bakarrik zorrak kobratzeko kalkulu eta mekanismo automatikoetatik, hori bai, 592 horien artean 110 milioi euro pilatzen dituzte. Aurreko sasoietako zorrei dagokienez, Ogasunak 403 milioi euro ingresatu ditu eta 329 milioi gelditzen dira biltzeke.