Negoziazioen egun erabakigarriak gerturatu ahala, Europako Batasunaren 2007-13 aurrekontuei buruzko eztabaida gogortzen ari da. Beste herrialde gutiz gehienak aurka dituen arren, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak argi utzi zuen atzo ez diola deskontu britainiarrari uko egingo.
«Deskontu britainiarrak jarraitu egingo du, ez dugu negoziatuko, eta kito», esan zuen atzo Blairrek Komunen Ganberaren aurrean, Londresen. Blairrek argudiatu zuenez, 5.000 milioi euroko deskontu hori gabe, Erresuma Batuak «Frantziak halako 15 eta Italiak halako 12» diru emango ziokeen EBri 1995-2003 epean. Margaret Thatcherrek lortu zuen deskontu britainiarraren bidez, Erresuma Batuak EBri eman beharko liokeen diruaren zati bat beretzat gordetzen du, Nekazaritza Politika Bateratuan diru gutxi jasotzen duelako.Deskontuari uko ez egitea eta betoarekin mehatxu egitea, ordea, «penagarria» iruditu zaio Gerhard Schroeder Alemaniako gobernuburuari. «Ez da onargarria Europako herrialde aberatsenetako bat, Erresuma Batua, herrialde pobreek finantzatu behar izatea».Azken hedapenean herrialde pobreagoak sartu izanak sistema asko aldatzera behartu du Europako Batasuna. Baina herrialde handi gehienak diruz estu dabiltzanez Alemania, Frantzia eta Italia, batik bat, batzuen eta besteen diru beharrak asetzea oso zaila izango zaie hilaren 16ko edo 17ko bileran.
Blair: «'Deskontu britainiarra' ez da negoziatuko,eta kito»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu