Sinbolismoa nagusitu zaio legearen interpretazio zurrun bati. Akizeko auzitegiak (Landak, Frantzia) errugabetu egin du Jon Palais Bizi mugimendu altermundialistako kidea. 2015eko urrian BNP Paribas bankuaren Parisko bulego batetik hamalau aulki ebasteaz akusatuta zegoen. Kadiren «errekisizio» horren bitartez, bankuek zerga iruzurrean duten erantzukizuna salatu nahi zuen Bizi mugimenduak. BNPren bulegotik eta beste banketxe batzuetatik hartutakoak ondoren berragertu ziren, Jerome Cahuzac Frantziako Aurrekontu ministroa zerga iruzurraz epaitu zutenean, 2016ko otsailean.
Epaiarekin pozik azaldu da Palais. «BNPren desautorizazio oso garbia da, salaketa jarri eta zigor bat eskatzen baitzuen, sinbolikoa bazen ere», azaldu du militante ekologistak. Edonola ere, Palaisek nabarmendu du ez zituztela bera edo beste aulki ebasleak epaitu behar, ogasun publikoei milaka milioiren zergak ordaintzen ez dizkietenak baizik, edo praktika horiek errazten dituztenak.
Hain zuzen ere, Palaisen epaiketa bera zerga iruzurraren aurkako auzibide bihurtzen saiatu ziren Bizi eta beste mugimendu batzuk, iragan urtarrilaren 9an. Xedea lortu zuen Bizik, Akizera joandako kazetari andana batek oihartzun handia eman baitzion epaiari, Euskal Herritik eta Landetatik kanpo ere.
Prokuradorearen eskaera
Akizen Palaisi sostengua eman eta zerga iruzurra salatzeko bildutako ia 2.000 lagunen artean izan ziren Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan edo ezkerreko primarioetan hautagai izan nahi duten lau lagun: Philipe Poutou (NPA), Yannick Jadot (Berdeak), Pierre Larrouturou (Nouvelle Donne) eta Charlotte Marchandise (Herritar Hautetsia); ordezkariak bidali zituzten Benoit Hamonek (PS) eta Jean Luc Melenchonek (Ezkerreko Frontea).
Bost urteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna arriskatzen zuen Palaisek, baina epaiketan argi ikusi zen Biziko kidea preso sartzeko aukerak urriak zirela.Izan ere, Jean Luc Puyo prokuradoreak «zigorrik gabeko kondena» eskatu zuen harentzat. Are gehiago, fiskalak deklaratu zuen zerga iruzurraren aurkako borrokarekin bat egiten zuela, eta ontzat hartu zuen Palaisek «justizia erabili» izana bere ideiak zabaltzeko. Horregatik, ez zuen ekintza «lapurreta» izendatu, «kadira hartzea» baizik.
Palaisek bere hatz markak hartzen ez uzteagatik ez zigortzeko ere eskatu zuen prokuradoreak; DNA proba ez egiteagatik, berriz, zigorra atzeratzea galdegin zuen. Hiru akusazioetatik errugabetu dute Akizeko Auzitegiko epaileek.
BNPk, berriz, ez zuen abokaturik aurkeztu, eta jakinarazi zion auzitegiari kalte morala ordaintzeko euro bakarra galdegiten ziola militante ekologistari.
Palais errurik gabe uzteko eskatu zuten haren abokatuek, Eva Joly eurodiputatu ekologistak eta haren alaba Caroline Jolyk.
«Garaipen kolektiboa»
Palaisen errugabetzea «zerga iruzurraren aurkako garaipen sinbolikoa» dela aldarrikatu du Bizik, eta eskerrak eman dizkie «garaipen kolektibo honen lortzeko mobilizatu diren guztiak». Bizik oroitarazi duenez, lehen aldia da 2009. urtean sortu zenetik militante bat epaitu egin dutela.
BNP Paribasek eskubidea du Palaisen errugabetzearen aurkako helegitea aurkezteko.
BNP bankuko aulkiak ebasteaz errugabetu du epaitegiak Jon Palais
Pozik dagoela esan du militante ekologistak, baina epaiketa zerga iruzurgileei eta haien laguntzaileei egin behar zitzaiela. «Garaipen sinbolikoa» eragin duten guztiak zoriondu ditu Bizi mugimenduak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu