Bonbardierrek 797 milioiko kontratu bat eman dio Trapagarango lantegiari

Abiadura handiko 23 trenen motorrak egingo dituzte Bizkaiko lantegian. COVID-19aren krisia hasi zenetik, hiru kontratu kontratu lortu ditu.

Trapagarango lantegiko behargin bat. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 11
11:53
Entzun

Argiago ikusten dute beren geroa Bombardierrek Trapagaranen (Bizkaia) duen fabrikako beharginek. Lan kontratu berri bat lortu dute: 23 trenen propultsio sistemak garatuko dituzte han. Trenak ILSA taldearentzat izango dira: enpresa hori osatzen dute Trenitalia Italiako tren operadore nagusiak eta Operador Ferroviario de Levantek. Kontratuaren balioa 797 milioi euro da.

Italian diseinatuko eta eraikiko dituzten trenak, eta Trapagarango lantegian egingo dituzte motorrak. Tren horiek guztiak Espainiako abiadura handiko lineetan ibiliko dira. Izan ere, Adif Espainiako trenbide azpiegituren administratzaileak ILSA aukeratu du Espainiako abiadura handiko trenbide merkatuko lehen operadore pribatuetako bat izateko. 2022tik aurrera, abiadura handiko zerbitzuak eskainiko ditu Madril-Bartzelona, Madril-Valentzia/Alacant eta Madril-Sevilla/Malaga lineetan.

COVID-19aren krisiari ongi erantzun dio Trapagango fabrikak. Pandemia zabaltzen hasi zenetik, hirugarren lan kontratua du. Ekain amaieran, Kanadako konpainiak iragarri zuen bi kontratu egin dituela Frantziako SNFCrekin, eta horiei esker 27 tren egingo dituela Normandiarako. 407 milioi euroren balioa dute lanek, eta trenen propultsio sistemak Bizkaiko plantan egingo dituzte. Aurretik, apirilean, beste hemeretzi trenen motorrak egiteko kontratua sinatu zuten SNFCrekin —176 milioi eurokoa, guztira—.

Bombardierrek uste baino emaitza okerragoak izan ditu urtearen lehen erdian, eta Frantziako Alstomek enpresa horren trenen adarra erosteko iragarpenak kezka eragin zuen Bizkaiko lantegian —erosketa egiteko Europako Batzordearen baimena jaso zuen atzo Alstomek—. Baina azken hilabeteetako kontratuek lan karga bermatuko diote tarte baterako. 200 bat langilek jarduten dute Trapagaranen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.