Martxoaren 2an da greba hastekoa, baldin eta ordurako ez badago akordiorik sektoreko patronalarekin. «Bost astez ez dugu garbituko. Greba honekin, espero dugu enpresek negoziazioari seriotasunez heltzea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta EHUk berak azken bost urteotan eskaini ez diguten arreta eskaintzea«, azaldu dute garbitzaileen ordezkariek. ELA, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek deitu dute grebara.
Agiri baten bidez azaldu dutenez, EHUk eta Hezkuntza Sailak zuzenean kontratatutako langileek haiek baino %13 gehiago irabazten dute hilean. «Urtetik urtera handitzen jarraitzen du, gure soldatak izoztea erabakitzen duten bakoitzean». Gainera, gogorarazi dute azpikontratatutako langileen %40k lanaldi partzialak dituztela, eta soldatak ere partzialak direla. «Enpresek beti egiten diote uko lanaldiak handitzeko neurriak hartzeari, lanpostu hutsak betetzeko sistema berri baten bidez. Horrek esan nahi du prekaritate mugagabe batera kondenatzen gaituztela».
Lan kargekin ere kexu dira azpikontratutako garbitzaileak: «Jasanezinak dira». Hezkuntza Saileko kontratua duten garbitzaileek gehienez 1.240 metro koadro garbitzen dituzte egunero, baina azpikontratatukoek, berriz, 2.500-2.800 metro. «Ondorioz, langile askok karpoko tunela, epikonditisa, tendinitisa, antsietatea eta abar sufritzen dute».
Ikasle eta irakasle batzuek babesa azaldu dietela azaldu dute garbitzaileek.
Garbitzaileen sektoreko lan baldintza kaskarrek beste greba luze bat eragin zuten: bederatzi hilabetez lana utzi zuten Gipuzkoako epaitegietako eta polizia etxeetako garbitzaileek. Joan den irailean amaitu zen gatazka, akordio batekin. Kaleko garbitzaileekiko soldata arrakala %70 txikituko du itun horrek.