Bost sindikatu elkartu dira Iruñean lan prekaritatea salatzeko asmoz

Steilas, ESK, CNT, CGT eta Solidarik antolatzera deitu dute langile klasea, eta bere eskubideak defendatzera. Gastu militarra salatu dute.

Maiatzaren Lehenean antolatutako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Maiatzaren Lehenean antolatutako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko maiatzaren 1a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtero bezala, Maiatzaren Lehenean indarrak elkartu dituzte sindikatu txikiagoek, beren mezuari oihartzun handiagoa emateko. Iruñean, Steilas, ESK, CNT, CGT eta Solidari batu dira, beren banderekin eta Palestinakoekin, eta, lan eskubideak aldarrikatzearekin batera, gaur egungo egoera politiko eta sozialarekin loturiko hainbat arazo salatu dituzte, tartean bizimoduaren garestitzea, etxebizitzaren auzia, eskuin muturraren goraldia eta «Palestinako genozidioa».

Laneko osasunak ere toki berezia izan du sindikatu horien eskarien artean, aukeratutako leloa horren erakusgarri: Bizitza kenduko ez digun enpleguaren alde. Sindikatu guztien izenean, euskaraz, Jesus Palop CNTko kideak esan du laneko istripuei eta ezbeharrei buruzko datuak «beldurgarriak» direla oraindik ere, eta lan baldintza txarrekin lotu ditu halakoak.  «Lan prekaritatea handitzen ari da urtetik urtera, ekoizpen eredu kapitalistaren krisia sakondu ahala».

Gogorarazi duenez, 2024an Nafarroan 22 pertsona hil ziren lanean ari zirela, eta 2025ean dagoeneko hamabi lan heriotza gertatu dira. «Langileak beren lanpostuetara joatera behartzen dituzte enpresariek, baita eguraldia arriskutsua denean ere. Heriotza horiek enpresen diru gosearen ondorio dira», azpimarratu du.

Vinculo plazarako bidean beste bi oihu nagusitu dira: «Ez da krisia, kapitalismoa da!» eta «Ez gerrien arteko gerrarik, ez klaseen arteko bakerik ere».

Etxeko langileek ere izan dute lekua manifestazioan: hitzarmen kolektibo bat exijitu dute. «Etxea garbitzen dugu, umeak zaindu behar ditugu, eta guztiz esplotatuta gaude, baina ez dugu hitzarmen kolektiborik oraindik», oihukatu du langile batek.

Lanaren prekarizazioa

Bost sindikatuek lan prekarizazioa salatu dute, eta haren ondorioak zerrendatu: «Erretiroa hartzeko urte gehiago egin behar da lan, enpleguetan ezegonkortasuna da nagusi, aldi baterako kontratuak eskaintzen dituzte, eta soldata igoerak bizitzaren kostuaren igoera baino askoz txikiagoak dira. Ondorioz, zaila da etxebizitza bat lortzea».

ESk
Iruñeko manifestazioaren pankarta. IÑIGO URIZ / FOKU

Gaurko mobilizazioetako beste salaketa nagusietako bati ere erreparatu diote: gastu militarraren handitzeari, Industria militarra ez da alternatiba lelopean. Horrekin batera, ozen salatu dute Palestinako egoera. «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile!». «gastu militarrak eskoletarako eta ospitaleetarako». «ez, ez, ez, gerrarik ez!» oihukatu bitartean sartu dira Sarasate pasalekura. «Politikariek gerretan, genozidioan eta arlo militarrean egiten duten gastua asko handitu da. Horregatik berretsi nahi dugu militarizazioaren kontra gaudela», adierazi dute bost sindikatuek sinatutako oharrean.

Manifestazioaren amaieran, langile klasearen batasunaren aldeko deia egin dute: «Komunitate borrokalari eta asanbleario bat eraikitzeko garaia iritsi da». Ziurtatu dute langile klaseak berak baino ezin ditzakeela defenda bere eskubideak, baina uste dute oraindik ere bide «luzea» dagoela egiteko: «Guk erabaki behar dugu nola egin. Atera gaitezen berriro kalera luze gabe izango ditugun borrokak prestatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.