Sao Pauloko estatuan duen plantan ekoitziko ditu CAFek Brasilen sinatu berri dituen kontratu bik jasotzen dituzten trenak; lau bagoiko hamar tren eraikiko ditu Belo Horizonte hirirako, eta lau bagoiko hamabost tren berrien bogie-ak Porto Alegrerako. Kontratuek 80 milioi euro inguruko fakturazioa izango dute Beasaingo multinazionalarentzat, eta bere nazioartekotzeko estrategia sendotuko dute.
Atzerrian hedatzeko ildoan sakondu, eta Estonian lor dezake aurki CAFek hurrengo kontratu handia, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Tallinna Linnatranspordi konpainiaren 15 tren eraikitzeko lehiaketa irabazi du, Tallin hiriburuan. Alemania eta Suitzako Stadler Bussnang AG/Stadler Pankow GmbH taldeak ere bere eskaintza egin zuen lehiaketa horretan, eta oraindik helegitea jartzeko aukera eta asmoa dauka.
Prozesu administratibo guztia amaitu arte Tallineko kontratua ez da ofiziala izango. Izan ere, CAFen ongi oroitzen dira Houstongo auziaz. 252 milioiko fakturazioa ekarriko zuten 103 tren eraikitzeko kontratua lortu zuen 2009an, eta bertan behera geratu zen 2010ean, AEBetako Gobernuak herrialdeko kontratazio araudia urratu zela erabaki zuelako.
Brasil, aukeren herrialdea
Ezusterik ez bada, 44,25 milioi euroko fakturazioa lortuko du CAFek Tallin hiriko tranbiarentzat hamabost tren eraikitzearen truke. Halaber, beste hamabost tren egiteko eskaera jasotzeko aukera luke. 2014 eta 2015ean entregatu beharko lituzke trenak, eta mantentze lana egingo dutenen langileen eta gidarien trebakuntza eskaini beharko luke.
Horrez gain, Brasilen aspaldian hasi zuen bidean beste bi mugarri jarri berri ditu Beasaingo multinazionalak. Lau bagoiko hamar tren eraikitzeko kontratua sinatu du Companhia Brasileira de Trens Urbanosekin, Belo Horizonteko hirian. Azken belaunaldiko ibilgailu elektronikoak izango dira, bi norabidetan mugitzeko eta 1.300 bidaiari eramateko gaitasunarekin. Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izango da Belo Horizonte 2014an, baita 2016ko Olinpiar Jokoetako egoitzetako bat ere.
Porto Alegre hirirako ere trenak egingo ditu CAFek Trensurbekin (Empresa de Trens Urbanos de Porto Alegre) akordio bat egin eta gero. Lau bagoiko hamabost tren berrien bogie-ak eraikiko ditu. Brasilen egiten ari den hedatzea sendotu du CAFek kontratu bi horien bidez. CAFek garbi dauka herrialde horrek negozio aukera handiak eskaintzen dituela. Sau Paulon, Recifen eta Cuiaban ere baditu sinaturik beste hainbat kontratu.
Brasilen bi kontratu lortu ditu CAFek, eta beste bat du bidean
Belo Horizonte eta Porto Alegrerako trenak eraikiko ditu; 15 tren egiteko lehiaketa bat irabazi du Estonian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu