Datuek zaplasteko bat eman diote Boris Johnsonek saldu nahi duen baikortasunari. Erresuma Batuko ekonomia %0,2 txikitu zen urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera, industriaren geldialdiaren eraginez. Lehen aldia da 2012az geroztik hiruhileko batean barne produktu gordinak behera egiten duela, eta brexit-ak ustez eragingo duen kalte ekonomikoaren atarian iritsi da. Lehen ministro kontserbadoreak agindu du Erresuma Batua akordio batekin edo akordiorik gabe aterako dela Euroako Batasunetik urriaren 31n, eta une honetan azken egoerak dirudi gertagarriena, hain zuzen ere ekonomiarentzat kaltegarria izan daitekeena.
Datua uste baino okerragoa izan da, analista gehienek espero baitzuten BPGak aurreko mailari eutsiko ziola. Baina industriaren ekarpena oso negatiboa izan da (%1,4), eta zerbitzuen ekarpena txikia (+%0,1) ez da nahikoa izan zenbaki positiboei eusteko.
Nazioarteko ekonomiaren motelaldiak izan du eragina, baina batez ere brexit-ak baldintzatutako datua izan da. Izan ere, lehen hiruhilekoan uste baino hazkunde handiagoa izan zen (+%0,5), enpresek beren biltegiak bete zituztelako martxoaren 29an gertatzekoa zen brexit-aren aurrean prestatzeko. Bigarren hiruhilekoan ez da biltegirik bete behar izan, eta, gainera, auto fabrika batzuk apirilera aurreratu zituzten oporrak, hilabete hori erabili nahi zutelako beren produkzio kateak baldintza berrietara moldatzeko. Ondorioz, %2,3 txikitu da manufaktura, eta %1,4 industria osoa.
Kontsumoa, noiz arte?
Zerbitzuak izan dira ekonomiaren euskarri nagusia —Erresuma Batuko ekonomiaren %80 dira—, familien kontsumoak oraindik eusten diolako, langabezia tasa txikiak eta azken hilabeteetan antzeman den soldaten igoeraren eskutik. Analisten beldurra da gutxi iraun dezakeela bultzada horrek, akordiorik gabeko brexit-ak sortzen duen ezinegona kontsumo ohituretara ere igaro daitekeelako.
Brexit-aren data finkatzeak kontrako eragina izatea espero du Sajid Javid Ekonomia ministroak: «Gobernuak ziurtasuna eman nahi die herritarrei eta enpresei, eta horregatik argi uzten dugu Erresuma Batuak EB urriaren 31n utziko duela».
Iritzi horrekin ez dute bat egiten sindikatuek. «Lehen ministroaren mehatxu toxikoak alarma handitu besterik ez du egiten. Kalte egiten dio ekonomiaren konfiantzari, eta arriskuan jartzen ditu enpleguak», ziurtatu du Frances O’Gready TUC sindikatuko idazkari nagusiak.
Libera, ahultzen
Libera esterlina da Johnsonen «bai ala bai». iragarpenaren beste biktima. Theresa Mayrenak egin zuela eta haren ondoren Johson iritsiko zela argi geratu zenetik, uztailaren hasieran, %5 galdu du Erresuma Batuko diruak dolarrarekiko eta euroarekiko. Askok uste dute brexit-aren azken data gerturatu ahala balio galera sakonduko dela, eta libera parekidetasunera iritsiko dela, lehenik euroarekin —atzo, libera batek 1,07 euro balio zituen—, eta dolarrarekin ondoren —1,20—.
Libera ahulak esportazioak merkatu eta balizko muga zergak konpentsatuko dituela espero du Johnsonek, baina inportazioak asko garestituko ditu, eta horrek min handia emango dio herritarren erosteko ahalmenari.