Bridgestonek 45 milioi inbertitu ditu Basaurin

Iker Aranburu.
2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arcelor Mittaleko langileek enpresaren aurka egindako salaketa handiena izan da azken urteotan ez duela nahiko inbertitu Euskal Herriko plantetan, eta horren erruz lehiakortasuna galdu dutela. Arazo hori ez dute Bridgestonen. Pneumatikoen multinazional japoniarra 45 milioi euro ari da inbertitzen Basauriko fabrikan, taldeko lantegirik automatizatuena izan dadin.

Berrikuntza horiei esker, «luzera begirako inbertsioak erakartzeko hautagai perfektua izango da Basauri», adierazi zuen atzo Gorka Diez Bridgestone Hispaniako zuzendari nagusiak. Alboan zituen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua.

Basaurikoa Bridgestone Hispainiaren lantegirik handiena da. 900 langile ditu, eta kamioien eta autobusen pneumatikoak egiten ditu. Bridgestone markakoak ez ezik, kostu txikiko Dayton markakoak ere egiten ditu. Azken hori Bizkaiko lantegian garatutako produktua da, eta arrakasta izaten ari dela nabarmendu zuen Diezek.

Basaurikoaz gain, Bridgestonek beste lantegi bat du Bizkaian, Usansolon (Galdakao). Pneumatikoak egin ahal izateko oihalak egiten dituzte han.

Mecanica Mallabi

Bridgestonen egoeratik oso urrun daude Bizkaiko beste enpresa batean: Mecanica Mallabian. Enpresaren kudeatzaileek enpresaren likidazioa eskatu zuten apirilean, zorrak ordaintzeko modua ez dutela argudiatuta. LABek agiri baten bidez azaldu duenez, ostegunean greba mugagabea hasi zuten Mecanica Mallabiko 81 langileek. Atzo goizean oinez egin zuten Mallabiko lantegitik Eibarrera, protesta gisa. Alfaren egoitzaren aurrean bukatu zuten ibilaldia, eta «arduraz» jokatzeko eskatu zioten enpresa horri, «enpleguaren aldeko apustua egiteko, eta ez espekulazioaren alde». Alfa taldekoa da Mecanica Mallabi, eta, haren beste enpresa guztiak bezala, hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen 2012an.

LABen arabera, 2014an hartzekodunekin ituna izenpetu zenetik, kudeaketa «negargarria» egin dute kudeatzaileek. «Haien gaiztakeriak Mecanica Mallabiko langileen soldataren, langabeziaren eta sufrimenduaren bizkar ordaindu dituzte». Enpresa bideragarria dela uste du, «Industrias Golen salmentatik lortutako dirutza kapital gisa sartuz gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.