Bruselak 120 milioi euroren isuna jarri dio Xri

Europako Zerbitzu Digitalen Araua hausteagatik jarritako lehen zigorra da. Bruselaren arabera, Elon Musken sare sozialak ez du garden jokatzen kolore urdineko egiaztapenetan eta publizitatean.

X sare sozialaren irudi bat. ETIENNE LAURENT / EFE
X sare sozialaren irudi bat. ETIENNE LAURENT / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko abenduaren 5a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batzordeak 120 milioi euroko isuna jarri dio X enpresari —lehen Twitter zenari—, Zerbitzu Digitalen Araua urratzeagatik. 2022an onartu zuen batzordeak lege hori, eta 2023an hasi zen aplikatzen. Orain, aurrenekoz, enpresa multinazional bati isuna jarri dio hura urratzeagatik. Ohar batean, batzordeak azaldu du Elon Musken sare sozialak ez duela betetzen araudiak eskatzen duen gutxieneko gardentasuna.

Hiru aldiz hautsi du Xk araudia, Bruselaren arabera. Lehenik, esan du sare sozialak erabiltzen duen egiaztapen zeinu urdinak «diseinu engainagarria» duela. Bereizgarri hori erabiltzen du Xk kontua egiazkoa dela frogatzeko. Lehen, pertsona, enpresa eta talde famatuen kontuetan zegoen soilik bereizgarri urdina, gainontzeko erabiltzaileek kontua erreala zela jakin zezaten. Orain, berriz, ordaintzen duen edonork jar dezake egiaztapen zeinu hori.

Bigarrenik, argudiatu du konpainiak gardentasuna urratzen duela publizitateari dagokionez ere. Hain zuzen, enpresak ez du eskaintzen iragarkiak dauden biltegi digitalera era egokian sartzeko modurik. Batzordearen arabera, ezinbestekoa da biltegi horietara sartu ahal izatea eta bertan bilaketa egiteko aukera izatea, besteak beste iruzurrik, mehatxurik eta iragarki faltsurik izan ez dadin.

Gainera, Bruselaren arabera, Musken sare sozialak ez du modu egokirik ematen enpresaren datu publikoetara sartzeko, eta ikertzaileak ezin dira behar bezala heldu datu horietara.

AEBak eta EB

Isun hori ezartzea mugarri bat izan daiteke AEBen eta Europako Batasunaren arteko harremanetan. Donald Trumpen administrazioak adierazi izan du neurriak hartuko dituela lege horrek AEBetako enpresa teknologikoak kaltetzekotan. 

Bart gauean, esaterako, JD Vance AEBetako presidenteordeak elkartasuna adierazi dio Elon Muski, plataforma horretan bertan: «Zurrumurruen arabera, Europako Batzordeak ehunka milioi dolarreko isuna jarriko dio Xri, zentsurarik ez egiteagatik. EBk adierazpen askatasunaren alde egin beharko luke, eta ez AEBetako enpresei eraso», idatzi zuen.

2023ko abenduan hasi zuen ikerketa EBk, eta orain heldu da ebazpena. Isunak badu zeresana. Izan ere, Xk 2.500 milioi dolar (2.150 milioi euro) fakturatu zituen iaz, eta, hortaz, isunaren kopurua diru sarrera guztien %5 izango litzateke, gutxi gorabehera.

Aldi berean, gaur bertan, Europako Batzordeak adierazi du Tiktok Txinako plataformak bai betetzen duela Zerbitzu Digitalen Arauak eskatzen duen gardentasun maila. Enpresa hori ere ikertzen ari zen batzordea, iragarki biltegira heltzeko modu egokirik ematen ez zuelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.