Bruselak 3.000 milioi euroko isuna jarri dio Googleri

Sareko publizitatean duen boterea gehiegikeriaz baliatzea leporatu dio Europako Batzordeak Googleri, eta eskatu dio negozioko atal hori saltzeko.

Googleren logoak, hainbat pantailatan, Alemaniako denda batean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Googleren logoak, hainbat pantailatan, Alemaniako denda batean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Irune Lasa.
2025eko irailaren 5a
18:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean denbora kontua izan da, eta Europako Batzordea ausartu da Google konpainia teknologiko erraldoiari isuna jartzera, nahiz eta jakin bazitekeela horrek Donald Trumpen haserrearaztea.

Bruselak ia 3.000 milioi euroko isuna ezarri dio gaur Googleri —2.950 milioikoa, zehazki—, konpainiak sareetan duen nagusitasuna baliatu duelako lehentasuna emateko publizitate propioari, eta hala abantaila izateko lehiakideekin konparatuz. Batzordeak konpainiari eskatu dio praktika horiek uzteko, eta baita sareko publizitatearen atala saltzeko ere.

Teresa Ribera monopolioen aurkako komisarioaren arabera, «merkatuek huts egiten dutenean, erakunde publikoek hartu behar dute ekimena, eragile nagusiek ez dezaten beren botereaz abusatu. Egiazko askatasuna baldintza berak izatean datza, guztiak baldintza beretan lehiatzean, eta herritarrek aukeratzeko egiazko eskubidea izatean».

Googlek erantzun du helegitea jarriko diola erabakiari. Konpainiaren eledun baten ustez, «isunak ez du justifikaziorik eta Europako milaka enpresari egingo die kalte, errentagarritasuna lortzea oztopatzen du eta».

Trumpek zer esango zain

Berez, espero zen Bruselak astelehenean plazaratuko zuela Googleren kasu honen inguruko behin betiko erabakia, baina ez zen hala izan. Zenbait hedabideren arabera, Maros Sefcovic komisarioaren eskariz atzeratu egin zen ebazpenaren plazaratzea, Trump ez haserretzeko.

AEBetako lehendakariak aldiro mehatxu egiten du muga zergak jarriko dizkiela AEBetako konpainia teknologikoei arau edo zerga digitalak jartzen dizkieten herrialdeei. Mehatxu hori berretsi izan du, gainera, bai uztailean EBrekin adostu ostean muga zergak %15era mugatzea, baita abuztuan ere, itunaren ildo nagusiak adierazpen bateratu batean jaso ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.