Isuna

Bruselak 4.340 milioi euroko isuna ezarri dio Googleri, Androidekin jarrera menderatzailea izateagatik

EBren historiako zigorrik handiena da Googleri ezarritakoa. Interneteko bilaketetan nagusitasuna bermatzeko helburuarekin, Android sistema eragilea baliatzen duten telefono eta tableten egileen lana mugatu izana egozten diote.

Googleren hainbat produktu. MONICA M. DAVEY, EFE
2018ko uztailaren 18a
07:02
Entzun

Ez da Googlek jasotzen duen lehen isuna, baina bai orain arte Europak jarritako handiena. Iazko ekainean, Bruselak 2.420 milioi euroko isuna ezarri zion AEBetako erraldoi teknologikoari, monopolioen aurkako legeak urratu eta lehia babesten duten arauak ez betetzeagatik.

Oraingoan, baina, muga hori ere gainditu du zigorrak, eta 4.340 milioi euro ordaindu beharko ditu Android sistema eragilea baliatzen duten enpresekiko jarrera menderatzailea izateagatik, euren jarduna mugatuz. Enpresak 90 eguneko epea du jarrera aldatzeko. Egin ezean, eguneko irabazien %5era hel daitekeen isuna jaso dezake.

Bruselak zehaztu duenez, Play Store saltoki digitalaren lizentzia emateko baldintza gisa jartzen zuen multinazionalak sakelako eta tabletetan Google Search eta Chrome nabigatzaileak instalatzea. Horretaz gain, salaketak dio Googlek enpresa handiei ordainketak egin zizkiela sakelakoetan instalatutako aplikazio bakarra berea izan zedin.

"Googlek Android erabili du nagusitasuna bermatzeko. Horren eraginez, gainontzeko teknologia enpresek ezin izan dute berritu, eta ezta lehiatu ere. Ukatu egin dizkiete Europako kontsumitzaileei lehiak dakarzkien onurak, eta hori legez kanpokoa da", kritikatu du Europako Lehiarako komisario Margrethe Vestagerrek.

Iazko ekainean zigorra jarri ziotenean, gaia aletzeko Ekonominutua egin zuten Jon Fernandez eta Xabier Martin kazetariek.

[youtube]https://youtu.be/aXf1tRbbkXw[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.