Bruselak agindutako erreforma guztiak bere egin ditu Espainiak

Bigarren erreskatearen balizko baldintzei aurrea hartu, eta moldaketa gehiago iragarri ditu gobernuak pentsioetan eta enpleguanDatorren urtean pentsioak %1 igoko ditu, eta aurten inflazioa konpentsatuko die

Luis de Guindos, Soraya Saenz de Santamaria eta Cristobal Montoro ministroak, atzo, Madrilen. SERGIO BARRENECHEA / EFE.
Ivan Santamaria.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak egin dion eskaera oro betetzea bihurtu da Espainiako Gobernuaren lehentasun eta helburu ia bakarra. Hitzartutako defizit helburua lortzea eta Bruselak uztailean egin zizkion gomendioak kontuan hartzea dira aurrekontu proiektuaren eta erreforma plan eguneratuaren ardatz nagusiak. Bigarren erreskatea eskatzeko erabakia luzatzen ari da, baina, behintzat, trukean exijitu ahal zaizkion neurriei eta baldintzei aurrea hartu nahi izan die.

Estrategia hori argi geratu da erreforma planean. Datozen sei hilabeteetan 43 lege proiektu eraman nahi ditu Raxoiren gobernuak Espainiako Kongresura. Egitasmo gehienek lotura zuzena dute joan den uztailaren 10ean Europako Kontseiluak egindako txostenarekin. Espainiari eskatzen zaizkion aldaketak zortzi puntutan laburbildu zituen agiri horrek. Garai batean gomendiohutsak ziren horiek bide orri trinko bihurtu zituen Madrilek finantza erakundeei laguntzeko eskatu zuen erreskateak.

Atzo onartutako erreforma planarekin EBko Kontseiluak eskatu zituen edukietatik haratago iritsi direla uste du Luis de Guindos Ekonomia ministroak, eta Bruselatik egindako urratsa txalotu zion Olli Rehn EBko Ekonomia gaietarako presidenteordeak. «Neurri zehatzak, handinahitsuak eta norabide zuzenean egindakoak jasotzen ditu planak, eta alor ugaritan epemuga zehatzak ezartzen ditu», Rehnen hitzetan.

Honezkero moldaketa batzuk martxan jarri ditu gobernuak—BEZaren igoera eta finantza sistemaren erreforma—, baina orain arte beste batzuk aintzat hartzeko uzkur izan da. Batez ere, pentsioei zegozkienak. Atzo, norabide aldaketa aurreratu zuen Luis de Guindos Ekonomia ministroak. Alde batetik, erretiroa hartzeko adin erreala eta ofiziala hurbiltzeko asmoz, erretiro aurreratuaren baldintzak gogortuko ditu. Bestetik, Toledoko Ituna bilduko du pentsio sistemaren «iraunkortasun faktorea» berraztertzeko. Eufemismo horren atzean Bruselaren obsesioetako bat dago: erretiratzeko adina 65 urtetik 67 urtera igotzeko prozesua azkartzea. Azken erreformaren arabera, hamabost urte iraun behar zuen prozesu horrek, 2027. urtea arte.

Beste atal garrantzitsu bat enplegua da. Lan erreforman sakontzeko borondatea du Raxoiren gobernuak. Horren haritik, gazteak laneratzeko plan bat aurkeztu nahi du urtea amaitu baino lehen. Plan horrekin batera, formakuntza kontratu berri bat jarriko du martxan gobernuak. Guindosek ez zuen ezer aurreratu izango dituen baldintza zehatzei buruz. Era berean, politika aktiboen egoera «sakonean» aztertzen ari da gobernua. Hirurak bat datoz Europatik diseinatutako ildoekin.

De Guindosek aipatu gabe utzi zituen batzuk. Esaterako, lan egutegiaren erreforma «disfuntzioak eragotzi eta lehiakortasuna hobetzeko». Horrek esan nahi du jaiegun batzuk mugitu eta zubiak desagertzea posible dela, Raxoi presidenteak berak inbestidura saioan adierazi zuen modura.

Bruselaren itzala nabarmena da beste zenbait arlotan ere. Administrazio publikoen aurrekontuak kontrolatzeko agintaritza fiskal independentea sortuko du gobernuak. Organo berri horren eginbehar nagusia Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua eta Finantza Egonkortasunerako Legea betetzen direla egiaztatzea izango da. Alegia, erakunde publiko guztiek zorrotz jarraitzen dituztela defizit mugak.

Horrekin batera, Espainia mailako merkatu batasuna indartzeko lege bat iragarri du gobernuak. Oinarrizko lege bat izango da, eta enpresa batek edozein lurraldetan aritzeko arazorik ez izatea bilatuko du. Neurri horren garapenak beste administrazioek dituzten eskumenetan nolako eragina duen aurrerago ikusiko da.

Liberalizazioei beste bultzada bat emango die gobernuak. Lanbide batzuetan elkargoetako partaide izan beharra ezabatuko da. Garraioan ere aldaketak datoz. Tren bidezko bidaiari garraioa 2013ko uztailaren 31n liberalizatuko da. Aurki, AENAren moldaketari ere helduko dio gobernuak, eta erreforma planak ez du ezkutatzen azken helburua etorkizunean pribatizatzea dela. Orain arte AENA ez zuela pribatizatuko esan izan du jendaurrean gobernuak.

Pentsioak %1 gora

Erreforma planetik aparte, agerraldi berean 2013. urterako aurrekontu proiektuaren ildo orokorrak aurkeztu zituen Cristobal Montoro Ogasun ministroak. Aldez aurretik zeuden zalantza batzuk argitu zituen, gainera. Pentsioak %1 igoko ditu gobernuak datorren urtean. Era berean, pentsioak inflazioaren arabera eguneratzea aurreikusten duen legeak bere horretan jarraitzen duela azaldu zuen. 2012. urtean pentsioak %1 igo dira, baina azaroko inflazioak kopuru hori gaindituko balu, galdutako dirua konpentsatu beharko zaie pentsiodunei, urtarrilean egiten den ordain bakar batekin. Abuztuan inflazioa %2,6 izan zen, pentsioen igoera baino %1,6 handiagoa. Zuzenean esan ez bazuen ere, eguneratzea egingo dela iradoki zuen Montorok.

Pentsioen igoera eta eguneratzea zalantzan jarri da azken egunotan, eta Montorok hartutako erabakiari etekina atera nahi izan zion. «Politikoki oso erabaki garrantzitsua da», ziurtatu zuen. Gobernuak gutxien dutenekin duen konpromisoaren erakusle badela ere adierazi zuen.

Soraya Saez de Santamaria Espainiako presidenteordeak aurreratu zuen pentsioetatik aparte soilik beste bi atalek izango dutela diru gehiago aurrekontuetan: bekak eta zorraren interesak. Interesei dagokienez, Espainiak %33 gehiago ordaindu beharko du heldu den urtean: 38.590 milioi, 2012. urtean baino 10.000 milioi gehiago.

Egin dituen aurreikuspen makroekonomikoetan konfiantza osoa du kabineteak. Datorren urtean ekonomia %0,5 eroriko dela kalkulatu zuen gobernuak uztailean, eta horri eusten dio, Funcasek eta S&Pek erorketa horren bikoitza izango dela ohartarazi badute ere. PFEZ eta BEZ zergak igo ondoren, aurtengo eta datorren urteko defizit helburuak betetzeko bidean daudela ziurtatu zuen Montorok.

Hala ere, diru sarrerak indartzeko zenbait neurri onartu dituzte. Deigarrienak, ziur asko, zorizko jokoarekin du zerikusia: 2.500 euro baino gehiago ematen dituzten loteria sarien %20 estatuak atxikiko du. Orain arte sari horiek ez zituzten inolako zergarik ordaintzen. Neurri horri esker 824 milioi euro bilduko dituela kalkulatu du Ogasun Ministerioak.

Guztira, ia 4.400 milioi gehiago biltzea espero du. Diru gehiena Sozietate Zergan egindako moldaketak dira. Neurri horiek ez dute eraginik Hego Euskal Herrian. Era berean, ondare zerga beste urtebete luzatuta 700 milioi gehiago lortuko ditu Espainiako ogasunak.

Guztira, 13.000 milioi eurorendoikuntza jasotzen dute kontuek. Ministerio bakoitzaren egoera eta xehetasunak bihar jakinaraziko ditu Montoro ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.