Azkenaldian bili-bolo dabilen Europako bankuen batasunerako urratsa egin du Europako Batzordeak. Urratsa ez da oso handia, adituen eskakizun nagusiak—bankuak salbatzeko eta gordailuak bermatzeko funtsak bateratzea— oraingoz bazterrean geratu direlako. «Borondate politikoa baldin badago, funtsak bateratu ahal izango dira; atea ez dago itxita», esan du Michel Barnier Finantza Zerbitzuetako komisarioak.
Berez, Barnierren asmoa urrunago joatea zen, baina EBko gobernuekin eztabaida luzeak izan ondoren ohartu da nahiko sostengurik ez zuela horretarako. «Ez dut bizkorregi joan nahi izan, azkenean ezertxo ere ez egiteko», justifikatu du. Hori dela eta, kide askok edo gehienek onartuko luketen proposamena bakarrik egin du.
Planteamendu horri arrazoi eman dio Alemaniaren erantzunak. «Ezin daitezke [funtsak] bakarrean bildu Europa gehiago batzeko urrats politikoak egin artean», azaldu du Steffen Seibert Berlingo gobernuko bozeramaileak. Alemaniak ez du begi onez ikusten bere bankuak Europa mailan gainbegiratzea —lotura politiko handiko Landesbank eta Sparkassen aurrezki kutxa ugari ditu—, ezta erreskate funts bakarrea sortzea ere, uste baitu azkenean alemaniarren diruarekin finantzatuko zela.
Alemaniak, ostera, ez dio oztoporik jarri Bruselaren planarenideia nagusiari: finantza erakundeei beraiei dagokiela beren zuloak estaltzea eta beren berregituraketak finantzatzea, estatuen eta herritarren diruak ukitu gabe. Ideia horren atzean zenbaki oso esanguratsuak daude. Krisia hasi zenetik iaz arte EBko kideek 4,5 bilioi euroko laguntzak onartu dituzte60 bankuri laguntzeko, BPGaren %37. Horietatik 1,6 bilioi euro baliatu ditu: bankuek jaulkitako zorraren bermeak izan dira horietako gehienak (1,1 bilioi), beste 287.000 milioi kapitalizazioak izan dira, 121.000 milioi euroren aktibo toxikoak kendu dizkie eta 87.000 milioi euroko likidezia eman die. Ingalaterrako Northern Rock bankua izan zen estatuek beren esku hartutako aurrena, eta Bankia azkena.
Barnierrek onartu du bere planak ez duela balio Bankiaren afera konpontzeko, hilabeteak edo urteak beharko baitira indarrean jartzeko. «Baina proposamenak etorkizunean antzeko egoerak ez gertatzeko helburua dauka», gehitu du.
Ildo horretatik, Batzordeak proposatu du bankuek beren arazoei aurre egiteko plangintza bat prestatzea eta, ahal den neurrien, beren diruekin egitea aurre zailtasunei. Hots, zergadunek pagatu beharrean, akziodunek edo hartzekodunek ordaintzea.
Bestetik, Estatuek edo haien parte diren erakundeek bankuetan esku hartzeko planak finkatu beharko dituzte. Ordura arte hartutako neurriekin bankuen arazoak konpontzen ez badira, urratsez urrats neurri gogorragoak hartu ahal izango dituzte agintari publikoek, bankuaren arazoak ez daitezen estatu osoarenak bilakatu. Bankuak berregituratzeko funtsak, gainera, finantza erakundeek beraiek jarritakoak izango dira.
Krisia eurogunean
Bruselak ez du proposatu funts bateraturik bankuentzat
Finantza erakundeak berregituratzeko dirua bankuek beraiek jartzea da Europako Batzordearen helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu