Bruselak ukatu egin du Italia EFSF funtsaren dirua jasotzen hasiko dela

Merkelek aurreratu du bilioi bat euro izango dituela funtsak, baina ez du zehaztu nola handituko duten

Iker Aranburu.
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Eurogunearen zor publikoaren krisiaren erdigunea berriro Italian kokatu da. Silvio Berlusconi Italiako gobernuburuak gobernuaren premiazko bilerara deitu zuen atzo arratsaldean, asteburuan Europako Batasuneko beste agintariek exijitutako erreforma batzuk onartzeko. Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa (EFSF) Italiari dirua uzten hasiko ote den ere zabaldu da, baina hori hala dela gezurtatu dute Europako Batzordeko iturriek.

«Espekulazioa hutsa da; halako zurrumurru asko egongo dira asteazkenera bitarte», esan zion Bruselako iturri batek Eferi. Beste agentzia batek, AFPk, zabaldu zuen Italia EFSF berrituaren botereak estreinatzekotan zegoela. Zehazki, AFPk zioen EFSFk Italiaren zorra erosi behar zuela zuzenean eta zeharka, hartara herrialde hark pagatzen dituen interesak —%6 ingurukoak— jaisten hasteko. Azken hiru hilabeteotan Europako Banku Zentrala aritu da horretan, erdipurdiko emaitzekin: arrisku hobaria asterik astera ez igotzea lortu du, baina 400 punturen inguruan jarraitzen du. Askotxo, 1,9 bilioi euroko zorra —bere BPGaren %120— duen estatu batentzat.

Atzo zabaldu zenez, EBZk 4.490 milioi euroko zorra erosi zuen joan den astean, zazpi egun lehenagoaren halako bi. Orain arte 169.000 milioi euroko zorra erosi du EBZk, Italiarena eta beste herrialde periferikoena.

Oraintsu euroguneko estatukideek onartu dutenez, EFSFk 780.000 milioi euro izango ditu, eta horietatik 440.000 milioi erabiltzeko moduan —besteak bermeak dira, EFSFk jaulkitako zorra kalifikaziorik gorena izan dezan—. Arazoa da Irlandaren eta Portugalen erreskateetan hiztartutakoarekin 250.000 milioi baizik ez zaizkiola geratuko EFSFri. Diru hori Italiarentzat —eta Espainiarentzat, beharko balitz— oso gutxi denez, funtsa handitzeko moduak hitzartu behar dituzte bihar euroguneko agintariek egingo duten bileran.

Bilioi bat euro erabilgarri

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atzo bere herrialdeko parlamentariei aurreratutakoaren arabera, bilioi bat euro izango lituzke EFSF berrituak. Hori bai, Alemania ez dagoenez prest diru gehiago jartzeko —210.000 milioi jarri ditu—, eta beste askok ez daukatenez modurik, bi formula aztertzen ari dira EBko agintariak: EFSFk larri dabiltzan estatukideen zorraren zati bat bermatzea, edo inbertsiogile pribatuek, Nazioarteko Diru Funtsak edo gorabidean dauden herrialdeek dirua jartzea. Erabat baztertuta dago Frantziaren eskaera, hots, EFSF banku bihurtzea EBZri mugarik gabe dirua eskatu ahal diezaion.

Beste bi gauza ere aurreratu ditu Merkelek: bata, Bundestagek bihar goizean bozkatuko dituela EFSFren azken erreformak, kantzilerra Bruselara joan aurretik. Bestea, bankuek zorraren %50 eta %60 artean barkatu beharko diotela Greziari, uztailean hitzartutako %21aren gainetik.

Gobernu bilera Erroman

Biharko bileran ere, Italiak bere zorra gutxitzeko neurri sorta bat aurkeztu beharko du. Atzo ezohiko bilera egin zuen Berlusconik eta bere ministroek, neurri horiek eztabaidatzeko. Haien artean, erretiroaren adina 65 urtetik 67ra atzeratzea zegoen mahai gainean, Lega Nordek ongi ikusten ez duen arren. Europako Batzordeak ontzat jo du, baina nahikoa ez dela ohartarazi dio Erromari.

Asteburuan, Berlusconiri errieta egin diote Bruselan. «Ezin daiteke EBko beste kideen elkartasuna eskatu, baldin eta laguntza ematen diegun horiek ez badute beharrezko ahaleginak egiten», esan zuen Sarkozyk igandean. Berlusconik promes gehiago agindu ote dituen galdetuta, Frantziako presidenteak mesfidantzaz betetako erantzuna eman zuen. «Nola esango nuke? Italiako politika, ekonomia eta finantzetako agintari guztien erantzukizunean konfiantza dugu», esan zuen Sarkozyk, irribarre sarkastikoari eutsi ezinik, eta Merkelen begirada konplizearekin. Jarrera hori oso gaizki hartu dute Italian, eta errespetu faltaz hitz egin du oposizioak ere. Atzoko bileraren hasieran, Berlusconik ez du haserrea ezkutatu: «Europako Batasunean inork ezin du hautatutako gobernuen eta Europako herrien izenean hitz egin. Inork ezin dizkie ikasgaiak eman beste bazkideei».

Abuztuan EBZren laguntza jasotzen hasi zenetik, bitan iragarri ditu neurri gehiago Berlusconik, baina geroago urardotzen aritu da, bere gobernu barruko desadostasunak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.