Bruselak urtarrilaren amaierarako sinatu nahi du merkataritza ituna Indiarekin

Akordioa eginez gero, Indiak murriztu egingo ditu Europako autoei ezarritako zerga handiak, eta EBk hango altzairuari jarritako ingurumen baldintzak malgutu.

Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra eta Narendra Modi Indiako lehen ministroa, Ahmedabad hirian. DIVYAKANT SOLANKI / EFE
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra eta Narendra Modi Indiako lehen ministroa, Ahmedabad hirian. DIVYAKANT SOLANKI / EFE
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 12a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mercosurren ondoren, India. Europako Batasunak bazkide komertzial nagusietako bat bihurtu nahi du Asiako erraldoia, 1.450 milioi kontsumitzaile potentzialeko merkatua, munduko handiena, Txinaren aurretik.

Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra Indiako Ahmedabad hirian izan da gaur, eta han iragarri du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea urtarrilaren amaieran Indian izango dela, Merkataritza Askeko Ituna sinatzeko helburuarekin.

Merzek adierazi du EBren eta Indiaren arteko akordioa «premiazkoa» dela, nazioarteko egungo «egoera aldakorra» ikusita Europak ezinbestekoa baitu bazkide komertzialak dibertsifikatzea. «Potentzia handien politikak gehiago baldintzatzen ari dira munduko ekonomia, eta guk hor jokatu behar dugu». Horrekin guztiarekin lotu du joan den astean Europar Kontseiluak onartu zuen eta larunbatean EBk eta Mercosurrek sinatuko duten ituna. «Aurrekari ezin hobea da» Merzentzat.

Indiarekin ere aspaldi hasi zituen elkarrizketak Bruselak, 2007an. Baina 2013an etenda geratu ziren. 2022tik asko azkartu dira negoziazioak, eta gerturatu dituzte jarrerak. Iazko irailean, Narendra Modi Indiako lehen ministroak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri zuten akordioa urte amaitu aurretik egingo zutela.

EBren eta Indiaren asmoa da hala merkatu batean nola bestean dauden muga zergak kentzea edo asko murriztea, eta merkataritza libreko gune bat sortzea. Negoziazioetan, hala ere, hainbat korapilo askatu behar izan dituzte, bi bereziki: Indiak EBko autoei, edariei eta nekazaritza produktuei ezartzen dizkien muga zerga handiak, eta, bestalde, Indiako altzairugintzako produktuek EBko merkatuan sartzeko bete behar dituzte ingurumen baldintzak.

Indiarekin ez ezik, EBk merkataritza akordioak negoziatzen ari da Asia hego-ekialdeko hainbat herrialderekin ere, besteak beste Indonesiarekin —akordioa laster egitea espero du Bruselak—, Thailandiarekin, Filipinekin eta Malaysiarekin.

Latinoamerikan, Mercosurreko kide ez diren beste herrialde batzuekin ere ari da hizketan —Mexikorekin eta Txilerekin—, haiekin dituen akordioak berritze aldera. Afrikako herrialde batzuekin lankidetza ekonomikorako marko berriak lantzen ari da, eta bazkide estrategikoen zerrendara gehitu nahi ditu Australia eta Zeelanda Berria ere.

AEBak eta Indiaren lur arraroak

AEBek ere begiz jota daukate India, eta Washingtonek hasiak ditu elkarrizketak harekin merkataritza akordio bat egiteko. Bihar bilduko dira berriz, iazko blokeoa gainditzeko. Donald Trumpen bigarren agintaldiaren lehen hilabeteetan, akordioa sinatzear egon ziren bi herrialdeak, baina abuztuan harremanak hoztu egin ziren, Washingtonek Indiari %50eko muga zerga orokorra ezarri baitzion, argudiatuta petrolio kantitate oso handiak erosten ari zitzaizkiola Errusiari.

Harremanak baretzeko eta gerturatzea errazteko, AEBek ateak ireki dizkiote orain Indiari Pax Silica egitasmoan parte har dezan. Otsailean sartuko da taldean, kide oso gisa. Trumpen administrazioak bultzatu du aliantza hori, adimen artifizialerako eta beste teknologia batzuetarako funtsezkoak diren erdieroaleen eta mineral kritikoen hornikuntza kateak «babesteko» eta «Txinarekiko mendekotasun globala» txikitzeko. Kide hauek ditu: Japonia, Hego Korea, Australia, Singapur, Erresuma Batua eta Israel. Europako Batasunak eta Kanadak, oraingoz, behatzaile gisa baino ez dute parte hartzen.

Txinak gaur egun lur arraro nagusien %70 erauzten ditu gutxi gorabehera; material horiek funtsezkoak dira erdieroaleentzat, baterientzat eta osagai elektroniko kritikoentzat, eta horrek eragin estrategiko handia eman dio Pekini hornikuntza kate globalean. India ere eragile garrantzitsu bat da, material horietako batzuen kontzentrazioa munduko handienetakoa baita Indiako hego-mendebaldeko kostaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.