Bruselari bizkarra, Moskuri eskua

Zipreko Parlamentuak atzera bota du Bruselaren erreskate plana, eta gaur bilduko dira berriro alderdiak, zer egin erabakitzekoNikosiak eta Moskuk arazoa arintzeko «beste bide batzuk» aztertuko dituzte gaur

Bruselari bizkarra, Moskuri eskua.
Jon Fernandez.
2013ko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Azken itxaropena Mosku izan daiteke Nikos Anastasiadesentzat, Kremlinek eman diezaiokeen laguntza ekonomikoa. Atzo telefonoa sutan izan zuen Zipreko presidenteak, eta dei gehienak mehatxu deiak izan ziren: Bruselatik, Berlindik, Moskutik eta Nikosiatik bertatik. 10.000 milioi euroko erreskatea ematearen truke bankuetako gordailuetatik 5.800 milioi euro atxikitzeko planak haserre bizian jarri ditu urte luzez bankuetan diru apur bat pilatzea lortu duten zipretarrak, azken urteetan Mediterraneoko uhartean dirua zuritu duten Errusiako aberatsak eta legebiltzarreko alderdi gehienak. Nikosiako Parlamentuak planto egin zion atzo Bruselari. Desafio zuzena: 56 diputatutik 37k ezezkoa eman ziotenBruselaren planari, eta presidentearen alderdia abstenitu egin zen. Boto bakar bat ere ez euroguneko mandatuen alde.

Anastasiadesek ganberako bozketa egin baino lehen etsi zuen. Eguerdirako iragarri zuen alderdiek ez zutela Bruselaren erreskatea onartuko, ezta azken orduan aurreztaile txikienentzat baldintzak zerbait leunduta ere —20.000 eurotik beherako gordailuei dirurik ez kentzea, besteak beste—. «Parlamentuak ez du onartuko, ez zaiolako bidezkoa iruditzen», iragarri zuen presidenteak. Domekaz geroztik bozketa bi aldiz atzeratu ostean, Berlinek atzerapenaren edo ezezkoaren ondorioak zein izango liratekeen ohartarazi dio behin eta berriz: Zipreko banku sistemaren porrota eta administrazioaren kolapsoa.

Alferrik. Lehen aldien erreskatea bihurtu da Ziprekoa: batetik, lehen aldia da EBk herritarren gordailuetan zuzenean eskua sartzen duena erreskate batean—aurrekari horrek euroguneko aurreztaile guztiengana hedatu du beldurra, Ecofineko ministroek beste edozein herrialdetan ez litzatekeela horrelakorik gertatutako esan arren—; bestetik, lehenaldia da euroguneko estatu batek ez dituena onartzen erreskatearen baldintzak —horrek bereziki Bruselan eta Berlinen eragin du beldurra, desobedientzia ere aurrekari bihur daitekeelako eta ikusteko dagoelako nola eragingo dion ezezkoak Zipreko ekonomiari zein euroguneari—.

Elkarren beharra

Labirintotik ateratzeko ate bakarretakoa Moskun ikusten du orain Nikosiak, zabaltzen zaila izan arren ate hori ere. Gaurtik barikura bitartean bilera garrantzitsuak izango dira Errusiako hiriburuan. Gaur bertan Michael Sarris Zipreko Finantza ministroa eta Alexei Kudrin Errusiako Finantza ministroa bilduko dira, Zipreko korapiloa zelan askatu eztabaidatzeko. Hain zuzen, legebiltzarreko bozketaren aurreko orduetako ziurgabetasunari nahasmendua gehitu zitzaion atzo, Market News kateak Sarrisen dimisioaren berri eman zuelako. Finantza ministroak berak, baina, ordu batzuk geroago ukatu zuen berria.

Zipreko gordailu guztien (68.000 milioi euro) %40 inguru atzerritarrenak dira, gehienak errusiarrenak. Horregatik proposatu du Nikosiak gordailu handienei EBk eskatutako %15,6ko zerga beharrean %9,9koa ezartzea: errusiarrenak direlako gehienak eta horrek bezero aberatsenak uxatu eta ekonomia eredu osoa jarriko lukeelako kolokan. Errusiak asko du jokoan irlako ekonomian eta bankuetan, eta horrek bultzatu zuen 2011n hari 2.500 milioi euroko mailegua ematera. Lau urte eta erdiko epea du kredituak, eta urteko %4,5eko interesa. Bost urteko atzerapena eta interes tipoak %1,5 edo %2ra jaistea eskatuko dio Sarrisek.

Baina gehiago ere eskatu beharrean dago. Andreas Charalamboulis Zipreko Finantza ministerioko ofizialak Financial Times-i esandakoaren arabera, «neurri berezi hauen karga arintzeko beste bide batzuk» aztertuko dituzte. Ez dago argi zelan lagun diezaiokeen Moskuk, baina laguntza konbinatu bat lortzea litzateke aukeretako bat. Hau da, esku batekin Bruselaren 10.000 milioi euroak hartzea eta, bestearekin, gordailuetako dirua hartu beharrean, Errusiaren bitartez lortzea porrota saihesteko behar dituen gainontzeko 5.800 milioi euroak.

Gazprombank Errusiako energia konpainia erraldoiaren bankuak Laiki bankua —Zipreko bigarrena— birkapitalizatzea izango litzateke aukeretako bat. Bestetik, Europako Batzordeak eta Errusiako Gobernuak ere bilerak izango dituzte bihar eta etzi Moskun, Kremlinak esan duenez.

Bien bitartean, itxita jarraitzen dute bankuek Zipren, eta herritarrak kalean ari dira euren euren haserrea erakusten. Londresek, bestalde, milioi bat euro bidali ditu hegazkinez irlara, bere soldaduei eskudirurik ez faltatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.