Semearen edo alabaren jostailuari buruz ari zarela pentsatu nahi dut...
Sentitzen dut, baina ez. Lau gurpil handi, larruzko bi eserleku, zalditxo baten irudia aurrean, eta barrura sartzeko gerri ona eduki behar den auto horietako bati buruz ari naiz. Baina, ohiko Ferrariek ez bezala, Elettrica berriak ez du burrun-burrunik egingo abiadura hartzen duenean, motor elektrikoa izango baitu. Aste honetan eman dituzte hari buruzko lehen datuak, eta datorren urtearen erdian aurkeztuko dute modeloa ofizialki. Lehen autoak 2026 amaieran ibiliko dira errepidean.
Sakrilegioa!!
Bai, hori uste dute askok. Zer grazia du Ferrari batek, Lamborghini batek edo halako batek kalean lasai doana beldurtzeko moduko zaratarik egiten ez badu? Baina hori ere badakite Ferrariko ingeniariek, eta motor indartsuen soinua imitatzen duen sistema bat sortu dute Elettricarako.
Gurpilaren eta txasisaren artean plastikozko botila bat jarriko dute?Â
Kar-kar. Hori egiten zuten nire auzoko batzuek, eta susto ederrak ematen zizkiguten. Baina ehunka ingeniariri soldata ordaintzen die Italiako autogileak, eta ur botilarena baino sistema teknologikoago bat sortu dute. Motor elektrikoaren bibrazio txikiak handitzen dituen sistema bat garatu dute. Gainera, martxa igotakoan gidariari eragiten dion sentsazioa izango du Elettricaren gidariak. Abiadura ez da kezka: 2,5 segundoan igaro daiteke zerotik ehun kilometro ordura. 530 kilometro arte egin ahal izango ditu bateria kargatu gabe.
O tempora, o mores!
Tira, ez dakit zer munduan bizi zaren zu, baina nik ez dut Ferrari askorik ikusten geure errepideetan. Miarritzen-edo egongo da bateren bat, eta gogoan ditut ingeles aberatsen bi Ferrari ziztu bizian igarotzen geure herrirako bihurguneetan. Alegia, gidarien %99,99k ez duela inoiz Ferrari bat gidatu eta ez duela gidatuko.
Bai, badakit, baina pena ematen dit Ferrari batek esentzia galtzeak.
Horren beldur dira Ferrarin bertan ere, eta horregatik ahal bezainbeste atzeratzen ari dira elektrikorako jauzia. Duela hiru urte esan zuten 2030erako beren modeloen %40 elektrikoak izango zirela, baina orain diote %20 baizik ez direla izango; beste %40 hibridoak izango dira, eta beste hainbat errekuntza hutsekoak.Â
2035erako ez zuten auto guztiek elektrikoak izan behar?
Hori da Europako Batasunaren helburua, baina Europako autogileak presio egiten ari dira data hori atzeratzeko, esaten baitute bezero guztiak oraindik ez daudela prest. Aste honetan Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra batu da atzerapen bat eskatzen dutenen taldera. Giorgia Meloni Italiako gobernuburuak ere aurretik egina zuen eskaera, noski, Ferrari ez ezik, Lamborghini, Maserati eta beste burrun-burrunzaleak babestu nahi dituelako.