Udako nagiak ateratzen jardun zuen atzo burtsak. Abuztu osoa pasa ondoren ere, saninaziotako maila bertsuan esnatu da Ibex-35 irailean; 11.700 puntuen bueltan. Zenbait finantza erakunderen berri txarrak gorabehera, bi erraldoiek ondo samar eutsi diote udako giro nahasiari. Atzo apustuak epeletik joan ziren, gorabehera txikiekin (goitik, %3 irabaziz Sacyr nabarmendu zen; behetik, %3 galduz, Tecnicas Reunidas) eta lanera itzuli berri denaren abuztu berberarekin.
Abuztu bete astelehen bete apustu. Horri AEBetako Labor Day jaieguna gehituz gero, 17.35etarako etxera bidean ziren atzo txerritxo ehiztari gehientsuenak. Petrolioak behera egin du dolarretan (azken lau hilabeteotako minimoan da) eta arnas pixkat eskaini dio horrek burtsako apustua eusten jardun duenari. Gaurkoa izango da iraileko lehen lan eguna AEBetan eta, beraz, ia ia baita gure burtsan ere. Dena den, atzeraldia edo krisia, kiniela guztietan sartua dago jada.
Abuztuan SIBEko burtsetan izandako errenta aldakorraren salerosketa 67.000 milioikoa izan da, iazko abuztuko 115.000 milioiak baino %51 gutxiago, hain zuzen. Erdia baino gutxiago, beraz. Azken urtean akzioek eurek pairatu duten balio jaitsieraz gain, iazko udan finantza krisia lehertu berria izateak ere eragin du, aurtengo salerosketa txikiagoa. Honek guztiak, Bolsas y Mercados, BMEren (+%0,78), mozkinetan gogor eragingo du; gainera, Europako burtsa ezberdinen bategiteez ohikoak ziren zurrumurruak, desagertu egin dira, azkenaldi honetan.
BURTSA. Abuztu bete apustu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu