BURTSA. Aterki beltzak?

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Hondarribian aterki beltzak nola, zenbaki beltz-berdeak nagusitu ziren burtsan, ia aho batez. Arrazoia, AEBetako Altxorrak Fannie Mae eta Freddie Mac bere gain hartuz egindako indar alardea. Zertaz poztu diren, ordea, ez dago garbi: alardea egin izana berri ona bada (alternatiba, ez egitea, kaskarragoa zatekeen), alardea egin beharra izatea bera oso kezkagarria da. Sakoneko arazoa ez duela estatuaren aterki beltza irekitzeak konponduko, alegia. 3.408 milioiren salerosketarekin, bankuek ospatu zuten, batik bat, erabakia: Bankinter eta Popularrek %6na pasa irabazi zuten, %5na pasa bi banku handiek. Egun bakarreko ospakizuna izatearen itxura osoa du, alta. Oinarrizko zenbakiak, joerak, Ixabel Alkainek aipatu gizartearen eboluzioa, ez dira mailegu hipotekarioentzat esperantzagarri. Grifols (-%0,52) ez beste guztiek izan zituzten irabaziak. Belfasteko aireportua salduz kantinera jantzi zen Ferrovialek (+%7,61), beste inork baino handiagoa.



LSE. Londresko burtsan (LSE) salerosketa etenda egon zen atzo lau orduz, akats informatiko bat zela medio, azken zortzi urteotako arazo informatiko larrienean. Txerritxo ehiztari britainiarrak, bekaizti, kontinente zaharreko tiroak entzuten gelditu ziren



Euroa. Euroak dolarraren aldean ahultzen jarraitzen du, eta 1,40ko mailan dago jada. Aldiz, hipoteka agentziak erreskatatu izanak AEBen zorra handitzea eragiten du, eta horrek dolarra ahuldu beharko luke printzipioz. Burtsa ez da beti matematika, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.