Burtsan bakea izango bada, nahikoa da Ibex-35 indizeari eusten dioten hankak sendo ibiltzea. Hori gertatu zen atzo "blue chip" ia guztiekin: %1na pasa irabazi zuten BBVA eta Santander bankuek, %0,97 Edurnezurik eta gutxixeago argindar enpresa nagusiek (%0,37 Iberdrolak, %0,68 Endesak). Repsol-YPFren (-%0,8) hankak koloka egin arren, beste hanka horiek nahikoa dira burtsako bake mahaiari eusteko. Horri berriz ere 2.200 milioiren salerosketa bolumenarekin gertatu zela gehituz gero, pentsatzekoa da igoera sendoa dela eta 9.800 punturako bidean jarri gaituela. AEBetako BPGren igoera eta petrolio erreserben igoerak baino ez daude, ordea, horrelako igoera bat sostengatzeko oinarrizko arrazoi lez. Zaharrak berri Europa makal euroesklerosizatuari dagokionez: AEBen lidergoari jarraitu eta nahikoa. Etxebizitzen merkatuaren gero eta antz handiagoa ote du burtsak?
-BBVA-REN (+%1,44) akzioa 12,67 eurotan salerosi zen atzo. Italian erosi asmo duen BNLren (+%1,89) akzioa, berriz, 2,80 eurotan salerosi zen. BNLren bost akzioko, BBVAren bakarra eskaini du Bilbokoak Erosteko Eskaintza Publikoan (EEP). BNLren akzioa 2,53 euroan erostea eskaintzen ari da, beraz. Deutsche Bankek Unipol akziodunaren BNLrako EEP erasokorrik ez omen du babestuko. Nola azaldu orduan egungo %10etik gorako diferentzia hori ?
BURTSA. Bake mahaiaren hankak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu