BURTSA. Egunero hasten delako

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Burtsa egunero hasten (eta bukatzen) delako da den bezalakoa. Bezperako giro aspertuak, atzoko igoeran izan zuen segida. Petrolioa jaisten ari da, eta horrek errenta aldakorra biziberritzen du. Bestalde, ekonomia errealean langabezia gora doa. Saizarbitoriari gertatu bezala, norbere errealitatea eta (finantza merkatuen) ingurukoa ez dira sarri batere antzekoak. Igoera handienak akzio txikietan izan ziren arren (%7,4 irabazi zuen Sacyrrek, %5,8 Iberiak eta %4,8 Bolsas y Mercadosek), blue chip-ek gidatu zuten indizearen igoera. Santanderrek (+%2,41) 51 puntu gehitu zizkion Ibex-35ari, Edurnezurik (+%1,71) 40 puntu eta BBVAk (+%2,69) 34. Salerosketa, dena den, ez zen 2.400 miliotik oso gora joan. Beraz, gaur ere hasiko da, eta atzokoa ahaztua izango dugu ordurako. 12.000 punturen langa ez dago urruti, Wall Streetek lagunduz gero. Baina enpresen mozkin aurreikuspenak, eurogunean nahiz AEBetan, ez daude euren onenean.



Acciona.(+%1,75) 103 milioiren autobide kontzesioak saldu dizkie CajaMadrid aurrezki kutxari eta FCCri (+%3,03). Madril eta Kataluniako ustiaketetan zituen gutxiengoko partaidetzak dira oro har. Abuztuan 225 milioirenak saldu zizkion Accionak 3i Groupi.



Morgan Stanley. Morgan Stanley inbertsio bankuak Asian duen Stephen Roach arduradunaren ustez, krisia hasi baino ez da egin. AEBetan atzeraldia gertatzeak, Asiako kontsumo ondasunen ekoizleak nabarmen kolpatzea espero omen du banku horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.