Obama baino, txerritxo ehiztariek ama hobe dela erabaki zuten. Ibex-35 indizeak galerak saihestu arren (+%0,18 irabazi zuen, seigarren igoera erreskan), Dow Jonesek 300 puntu pasako galerekin agurtu zuen presidente berria. Aldaketa hemen da, presidentearen arraza eta alderiari dagokionez. Beste guztia, eginkizun dagoela iritzi zioten burtsek. Bestalde, baliteke bezperatik aurriskuspen guztiak kotizazioetan barneratu izana; Obamaren garaipena nekez jo baitaiteke ezustekotzat. 2.658 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35eko akzioetan; partaidetza handiegirik ez. Mugimendu bortitzenak, ama ere salduko luketen ehiztarien aldetik, %6 pasa galdu zuen Gamesaren inguruan izan ziren. %3na pasa galdu zuten Acciona eta Acerinoxek, Sacyrrek irabazi zuen kopuru bera. Akzio txikiok dira aldakortasunerako bozkatuenak. BBVA (+%1,81) eta Iberdrola (+%0,97) nabarmendu ziren gehien blue chip-en artean.
Obama. Aldaketa ekarriko badu, zergatik ez dute akzio azokek Obama txalotu? Hein batean, irabaziko zuela espero zen; hortaz, burtsan izan lezakeen eraginak jasota behar lukete hein handi batean. Zurrumurruarekin erosi eta berriarekin saldu gertatu dela dirudi.
EBZ. EBZren interes tasen jaitsiera espero du hainbat adituk. Litekeena da oso, Trichetek Madrilen egin hitzaldian aukera soil gisa aipatu zuen arren, Euroguneko geldotze ekonomikoak larrituta banku zentralak moneta politika malgutzea. Gasolina usaina, su inguruan?
BURTSA. Hobe ama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu