Interes tasen jaitsieran interesik ez dute erakutsi txerritxo ehiztariek. Egoera okertu litekela esan du Vegara Espainiako ekonomia estatu idazkariak eta, Erresuma Batuan bertan, %15eko balio galera izaten ari dira etxebizitzak, azken urtean. Gauzak horrela, erosteko interes gutxi eta beherakorra, saltzeko interes anitz eta hazkorra. 2.643 milioiren salerosketa izan zen eta %6 pasa galdu zuen Ibex-35 indizeak, Santander, BBVA, Gas Natural edota Acerinoxek bezalaxe. Gamesak %16 pasa galdu zuen eta %12na pasa Iberia eta Accionak. Dirua erabat merkatzeak ez du inbertsiogilerik automatikoki erakartzen eta, aurriskupenak, ez dira berez ontzen. Fenosak (-%1,11) hobeto eutsi zion, Gas Naturalek irentsiko duen usteak bizirik dirauelako. Cisco Systemsen (-%4) mozkin berri txarrek Dow Jones Europako indizeen bide beretik bultzatu zuten eta Murdoch aberatsaren News Corp (-%16) komunikabide enpresa, antzera.
Fincas Corral. Prezioak seinale indartsuak dira. Alokairua garestia dela diotenei arrazoia kendu asmoz, Fincas Corral etxeak zortzi mila etxe eskaintzen ditu alokairuan; bermerik gabe, bi hilabetez doan eta soldata bat izatearen frogagiri bakarraren truk..
ING. Union Fenosan %3ko partaidetza duela jakinarazi du ING bankuak. Aste gutxiren barruan, litekeena da Erosteko Eskaintza Publikoa (EEP) egitea 18,33 euroan. Alde horretatik, inbertsio ziur samarra dirudi orain 16,91 euroan erosteak.