Behobiatik Donostiara eta handik Bilbora korrika baletoz adinako kapital egarria dute zenbait enpresek. 7.000 milioi euroren kapital hedatzea abiatu du kilometroak eta bankuak irensten jardun duen Santander (-%5,03) bankuak eta, larrutik baino, kapitalizaziotik ordaindu du gehiegizko martxa hori. Bankinter (-%3,94), BBVA (-%1,98) eta, hein txikiagoan, Banesto (-%1,03) ere kutsatu zituen joera horrek. Iberdrolak (+%2,04) argi egin zien blue chipe-ri, eta Repsol-YPF (+%1,34) eta Edurnezurik (+%0,93) ere euren aletxoa jarri zuten, indize nagusien marka hobetzeko. 2.199 milioiren akzioak salerosi ziten Ibex-35 indizeko akzioetan eta General Motorsek %30 galtzeak ez zituen Renault (-%0,05) edota Volkswagen (-%0,62) autogileak kikildu. AIGk Obama estutzen jarraituko duela dirudi, eta Euriborra, aldiz, moteltzen ari da, dorsal zuridunen onerako. Petrolio garestiari indarrak gelditzen zaizkiolako edo, %3 pasa irabazi zuen Totalek.
Santander.Lau akzioko berri bat eskaini die Santander bankuak bere akziodunei. Atzo 7,92 euroan itxi zuten eguna akzio horiek, eta jaulkiko dituen berriak 4,5 euroan eskuratu ditzakete egungo akziodunek. Aukera bat da, noski, ez dute tratua zertan onartu. ABN Amroren erosketa dela eta, iaz Santanderri zor bihurgarria erosi ziotenak, aldiz (urte gutxi batzuren buruan akzioak 15 euroan erosteko konpromezua onartu zuten), zurbiltzen ari dira. Frantziako bankuek estatutik jasotako kapitalarekin (estatu laguntzak?), BBVA batez bestekoarekiko okerrago dago orain.
Iberdrolak. Iberdrolak (+%0,99) 1.000 milioiren inbertsioa burutuko du Portugalen, 1.100 megawatteko gune hidroelektriko baten garapenerako. Alto Tamega hustiatuko duen egitasmoa, 2012-2018 epealdian eraikiko da, Galiziako mugatik gertu.
Repsol. Ahobizarrik gabe esan du Antoni Brufau, Repsol-YPFko (+%0,16) buruak, zergarik gabe, gasolina ura edo Coca Cola baino merkeagoa litzatekela. Petrolioak ez du ordea zeharkalterik eragiten eta gurean, zorionez, ura ez da pribatua.
BURTSA. Kapital egarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu