Sufritzen ari dira indizeak, Gaintxurizketatik amildu eta pixkanaka Mirakruzen gora egin nahian bezala. AEBetako langabezia 1994tik izandako altuena izanik eta General Motorsek emaitza txarrak plazaratu arren, arratsaldeko azken bi orduetan gorantz egin zuten indizeek, Ibex-35en kasuan 300 puntu berreskuratuz, 9.300etik gora finkatzeraino. Indra eta Gamesak %8na irabazteaz gain, Santander eta Telefonica erraldoiek nahiz Telecinco, Mapfre, Banesto eta Inditexek %2na pasa irabazteak zeresan handia izan zuen horretan. Behobia-Donostian ez bezala, ordea, ez da partaidetza markarik hautsi: 1.990 milioiren akzioak salerosi ziren eta, kopuru hori, txikiegia da atzoko igoerari sinesgarritasun handirik emateko. Iberdrolak %3 pasa irabaztea ere ulergarria da, Espainiako energia batzordeak argindarra %31 garestizea proposatzen duen txostena aztertze hutsagatik. Endesa (+%2,31) eta Fenosa (+%1,48) ere poztu ziren.
General Motors. General Motorsek 2.500 milioi dolar galdu ditu azken hiruhilekoan, eta gorriak ikusten ari da eta Chryslerrekin bat egiteko asmoa gelditu egin da. Fordekin batera, AEBetan autoen salmenta %21 jaisteak estutu egin ditu hiru autogile nagusiak.
Gamesa. Ekoizten dituen haize errotek baino itzuli mitzuli azkarragoak egiten ditu, azkenaldian, Gamesaren (+%8,65) kotizazioak. Baina azken urtean %59 pasa galduta, bistakoa da petrolioaren merkatzeak eragin dion, itxuraz atzera bueltarik gabeko, galera.
BURTSA. Mirakruzen gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu