Txerritxoa erosi duelakoan odolkiak edo ardiak jaso ditu hainbatek burtsan; finantza sektoreak gazta irabazle itxura zuen eta, bat-batean, ardi edo behi esnez egina den zalantzak agertu dira; norbait galtzaile edo irabazle zenbateraino den ere, ez dago hain garbi, hainbat ehiztariren beheranzko apustuen ondorioz. Ordiziako gaztarekin izandako nahastea txiki uzten du burtsaren bilakaerak. 3.617 milioiren salerosketa izan zen atzo eta azkenaldian hiru mila milioirena gainditzen den aldioro lez, jaitsierak izan ziren batez ere gure indizeetan. Santander (-%3,19) erraldoiak Alemaniako Postbank bereganatu nahi du enkante batean eta indizeen umorea ez dago saltsetarako; OHL (-%7,44), %4na pasa galdu zuten Mapfre eta Gamesa edota %3,06 galdu zuen Iberdrola dira egoeraren beste lekuko batzuk. Hiru akzioak eutsi zioten kotizazioari Ibex-35eko artaldean: %2na pasa irabazi zuten Cintra eta Ferrovial batetik, %0,7 irabazi zuen Popular bankua bestetik.
Iberdrolak. Iberdrolak (-%3,06) Energy East erostea erabaki du, AEBetako agintariek jarritako baldintzak onargarriak zaizkiola erabaki ostean. Egitasmo eolikoetan inbertitu asmo zituen 70 milioiak bikoiztu beharko ditu. 6.400 milioiko eragiketa da, orotara.
Sanofi-Aventis. Gerard Le Fur kontseilari ordezkaria kaleratuko duela jakinaraztea nahikoa izan zuen Sanofi-Aventisek %7,15eko kurrinka egiteko. Total (+%0,32) eta L'Oreal (+%2,05) akziodun nagusiekin dituen desadostasunek eragin dute Le Furrekiko mesfidantza.
BURTSA. Ordiziako gaztarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu