Richar Oribe igerilaria dominak irabazten ari da; burtsa indizeak, aldiz, galeretan erdi itota, lepoa atera ezinik dabiltza. 2.686 milioiren salerosketa izan zen atzo eta, berriz ere, galerak. Dolarrak azken urteko maximoa jotzea ez da enpresen mozkinentzat hain berri txarra ere, baina errenta aldakorrak errezelo handiak pizten ditu, finantza sektoreak batik bat. Santander (-%1,07) eta BBVAren(-%1,9) galerek soilik azaltzen dute atzoko ezinaren zatirik handiena. Acerinox (+%3,06) edo Criteria (+%2,65) bizkar estiloan mugitu ziren arren, bular estiloan eztulka jardun ziren bi banku handiak, Ferrovial (-%4,12), Gamesa (-%3,85) eta %2na pasa galdu zuten Renovables eta Abengoa. 11.000 puntuak miazkatu ostean, hortik gora lo egingo du Ibex-35 (-%0,4) indizeak eta marka hori ez da gutxi. KPI eta petrolioak beheranzko joeran ibiltzeak, dominetara gerturatu ditzake gure indizeak. Gaurko lehian beharko du. Atzo, burtsak zenbaki gorritan ito ziren.
Iberdrolak (+%0,27) urtean 3.000 milioi euro irabazteko asmoa du, Energy East bereganatu ostean. Kopuru itzela den arren (Jaurlaritzaren urtebeteko aurrekontuaren ia erdia), tamaina handitzeak zeresan handia du kopuruan. Nori banatu gehiago du.
Deutsche Bank.Alemaniako banka sektorea oso zatikatua dago. Dresdner eta Commerz bat egiteko asmoaren ondoren, baliteke orain Deutsche Bankek Postbank eros dezan hobestea. Santanderrek interesa agertu duen arren, konponbide nazionalak abantaila ei dauka.
BURTSA. Oriberen atzetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu