Zuloak eta zuloak. Tunel zulo berriak Bilboko Pagasarrin eta galeren zulo hazkorrak Olabarri kaleko burtsan. Gruyere gazta itxura hartu du honek guztiak eta Argentinaren oihartzunak Pagasarri magaletaraino iritsi dira, atzo ere; herrialde hortan dauden enpresek danbatekoak jaso zituzten: %4,78 galdu zuen Santanderrek eta 8 euroz azpitik dago; BBVAk %3,96 galdu eta 9 euroz azpitik dago eta Edurnezuri (-%1,61) 14,02 euroan. Fiat autogilearen eskaria %20 gutxitu bada, mozkinetan horrek eragin dezaken zuloa ez da edozein gaztarena. Antzera dabiltza Renaut (-%7,15), Sony eta beste hainbat multinazional. Argentinako zalantzak, finantza krisia eta, batez ere, ekonomia atzeraldia bera ditu esne egungo gazta zulatuak. AEBetan etxebizitza galdu dutenen kopurua gora doa, Espainiako kutxen berankortasuna lez. Interes tasen jaitsiera gehiago beharko da; petrolioak lagunduz gero eta dolarra gehiegi indartzen ez bada, gazta hau irensteko ogi egokia izan litezke.
La Caixa aurrezki kutxaren mozkina, urteko lehen 9 hilabeteetan, iaz epe berean baino %14 txikiagoa da (1.571 milioi). Ez ohiko irabazi batzuk izan dituen arren, zuzkidura lez gorde ditu, aurrerago izan ditzaken mailegu ustelei aurre egiteko.
Argentina. Cristina Fernandezek egin duena, Euskadin BGAE guztiak nazionalizatzearen pareko litzateke. Dirutza horren kudeaketaz sortzen diren zalantzez gain (sektore publikoa diru egarriz dagoenean), atzerrira ematen duen itxura kaltegarria da oso herrialdeko ekonomiarentzat.
BURTSA. Pagasarry gruyere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu