Itsaso ulu zolia-n Lertxundi alaia eta tristea tartekatzen badira, txerritxo uluak tristetik baizik ez dakar azken aldian. Berriz ere %4 pasa egin du behera burtsak, eta malenkoniatsu edo ikarati agertzen da, tartean-tartean. Bi banku handiek %6na pasa galtzeak eta Telefonicaren %3,57ko jaitsierak atzoko kantuaren melodia ia osoa agertzen du. Atzerriko inbertsiogileek, batik bat, atzeraldi arrisku nabarmena ikusten dute Espainian, eta, berandu baino lehen, indizeak horixe islatzen ari dira. 3.930 milioiren salerosi ziren atzo, eta kantu alaietan, %6 pasa irabazi zuen Iberia -petrolioa merkatzea lagun-, %5 pasa irabazi zuen Bankinter eta %4 baino gehiago irabazi zuen Mapfre izan ziren. Inditex, Indra, Popular eta Abengoak ere %4na pasa galdu zuten. %8 pasa galdu zuen Latibex indizeak ere, euroan salerosten diren akzio latinoamerikarren indizeak. Dow Jonesek, berriz, eutsi egin zion, eta ez da gutxi.
Hedge fund funtsak. Paulsonek hedge fund funtsak laguntza publikotik at daudela esan berri du. Beharrik. Pirata espekulatzaile hutsak direnak, merkatuaren egonkortasuna bera kolokan jarri eta espekulazioaren paradigma direnak, nola egongo dira bada diru publikoaren balizko babespean? Ezein erregulaziori ihes egin nahi izan dioten unetik beretik, ez dirudi ulergarri ez onargarri denik, horrelako laguntzarik planteatzerik ere. Citadel Investmentek %30 galdu badu, euren arazoa da, ez beste inorena. Jakin bai baitzekiten zertan zebiltzan.
BURTSA. Txerritxo ulu zolia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu