Argentinako gobernuak pentsio funts pribatuak nazionalizatzeak, zalantza nabarmenak eragin ditu herrialde hartan hainbat enpresek dituzten inbertsioen gainean. Repsol-YPF (-%15,75) da, Edurnezurirekin (-%8,83), zer galdu gehien dutenetakoa. Batak petrolio putzuak dituen petrolio enpresa bereganatu zuelako eta, bestea, herrialdeko telefono enpresa nagusia delako, Argentinaren zati handi batean monopolioa duelarik. 4.456 milioiren salerosketarekin, txiki-txiki eginda geratu ziren gure indizeak, Cristina Fernandezi esker, txe. Wachoviaren milaka milioiren galerak, Bushen erreskate planak iritzi publikoan duen babes eskasak eta hainbat enpresen aurrikuspen txarrek borobildu zuten 800 puntuen galera Ibex-35aren kasuan. Txerritxo ehiztariak pase itzela izaten ari dira, hego haizea delako medio. Baina tirorik gehienak salmentetarako joeran dira, eta Gamesak bere balioaren %22,3 galdu zuen atzo, inoizko gehien Arabako enpresarentzat.
Renovablesek (-%12,08) emaitzak boskoiztu arren (230 milioi euro), merkatuak mozkin handiagoa espero zuen urteko lehen hiru hiruhilekoen buruan. Gamesak (-%22,3) bezalaxe, Iberdrolaren (-%8,31) filialak petrolio merkeagoaren kaltea pairatzen ari da. Brent upela 65 dolarrean dago, azken 19 hilabeteetako minimoa. Nolanahi den, litekeena da espekulatzaileek petrolio merkearen eta energia berriztagarrien ahultzearen alde apustu egiten jardutea. Horrek, lehenago gertatuaren kontrara, beheranzko joerak biderkatuko lituzke.
BURTSA. Txiki txiki, txe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu