Burtsan dirua sartu duten askok adarra jo dieten irudipena dute, Veleiako aurkikuntzekin gertatu lez. 8.000 puntuen amildegira hurbildu da Ibex-35 (-%3,74) eta zergatiei buruz galdezka gaude guztiok. Santanderrek %9,98 galtzeak berak soilik azaltzen du iruzurraren nondik norakoa: 4,5 euroan akzioak eskaintzen ari bada (lehendik lau dituenari bat, hori bai), ez da harritzekoa 5,41 euroan salerostea akzio zaharrak; kapital hedatzearen ajeak. AEBetako KPI eta eraikitzen hasitako etxebizitzen datuek ere, ez dute manipulaziorako tarterik uzten: atzeraldia bertan jarri da bizitzen, gorri gorri dator eta edan ian eta lo gurekin egiten du. 2.154 milioiren salerosketarekin, BBVAk ere %5,45 galdu zuen, Banestok %6,56 eta, Edurnezurik berak, %1,28. III. mendetik ez, baina Bigarren Mundu Gerratik bizi izandako krisi larrientzat jo du Trichetek ere. Zer ospatua beti behar delako, Iberiak (+%1,8) petrolio merkeagoaren pozak animatu zuen.
Espainiako Altxorrak 5.000 milioiren aktiboak erosiko dizkie gaur banku eta kutxei, enkante bidez. Hainbat kutxa txikirentzat lagungarri izan liteken arren, konparazio batera, Santanderren kapital hedatzea 7.400 milioi eurorena da.
Barclays bankuak 400 lanpostu murriztu ditu Espainian; Deutsche Bankek 900 New York eta Londresen; Kutxa berriak 300 Euskal Herrian. Bistan denez, finantza sektorean birmoldaketa garrantzitsua dago, Citigroupen 50.000 lanpostuez aparte.
BURTSA. Veleia nonahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu