Burtsek zorion perfektuan jarraitzen dute, Zarauzko malekoiaz gozatzeko giroa dago. 4.299 milioiren salerosketarekin, %2,7 irabazi zuen Ibex-35 indizeak eta, berriro igoerak grabatzen ari da, 10.000 puntuen langatik gora. Kontua da goizeko beroa epeldu ere egin zela, hoztera iritsi ez bazen ere. Aktore onentsuenetan, Mapfre (+%8,17), %6na pasa irabazi zuten Popular eta BBVA bankuak nahiz %4na pasa irabazi zuten Renovables eta Enagas energia enpresak nabarmendu ziren. Egoera hainbeste hobetu denik ez dirudi, finantza krisiaren larritasuna arindu den arren. Orain, ekonomia errealari erreparatu beharko zaio eta muga mugako zirriborroak egin gabe ere, bistan da Euriborra eta KPI ez direla nahi bezain fite jaisten. Atzo urrezko txerritxoa Mapfre izan zen lez, urrezko astoa Sacyr (-%7,57) izan zen, beste behin ere. Tenple handiko zuzendaria beharko du burtsaren filmarenak eta, komediatik baino, dramatik gehiago du oraingoz.
Santander.Santander (+%0,88) bankuak 1.200 milioi ordaindu eta AEBetako Sovereign osoki bereganatuko du. Fitch rating agentziak, ordea, zaintzapean jarri du, joera negatiboan alegia. Museko partida honetan hogeita hamaika izan edo ez, jokoan hordagoa bota du Botin espainiarrak. Ikuskizun dago zenbaterainoko kartak dituen. ABNren erosketan bidaide izan zituen Barclays eta Royal Bank of Scotland, Erresuma Batuko estatuaren menpe daude jada. Banku gorriak gorriak ikustea besterik ez zen falta. Baina partida ez da bihar etzi bukatzen.
BURTSA. Zorion perfektua, 2. saioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu