Burujabetza teknologikoa bultzatzeko neurriak aurkeztu ditu Bruselak

AEBetako konpainia teknologikoekiko menpekotasuna arintzeko lau lege eta ekimen proposatu ditu Europako Batzordeak. Europarren datuak babestea, eduki kaltegarriak kontrolatu ahal izatea eta beste ekonomien aldean atzean ez geratzea da xedea.

Henna Virkkunen Europako Batzordeko lehendakariordea, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Henna Virkkunen Europako Batzordeko lehendakariordea, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 3a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amazon, Microsoft, Google, Meta... AEBetako konpainia teknologiko erraldoien nagusitasuna erabatekoa da Europako Batasunean. Eta horrek baditu ondorio batzuk, larriak izan daitezkeenak: europarren datuak AEBen esku egotea; sareetako eduki kaltegarriei mugarik ezin jartzea; eta hazkunde ekonomikoan atzean geratzea AEBekin eta Txinarekin konparatuz gero, haiek garapen handiagoa dutelako teknologietan. 

Horren guztiaren beldurra bizitu egin da Donald Trumpen bigarren agintaldian, AEBek EBri erakutsitako aurkakotasun agerikoa dela medio. Izan ere, muturreraino eramanda, Trump ez ote litzateke gai izango bat-batean Europa zerbitzu teknologikorik, hodeirik eta sarerik gabe uzteko, Europari switch off egin eta dena itzaltzeko?

Testuinguru kezkagarri honetan, gero eta gehiago dira burujabetza teknologikoaren aldeko mugimenduak EBn, eta beste pauso bat da gaur Europako Batzordeak aurkeztu duen neurri sorta. Henna Virkkunen Batzordeko lehendakariordearen ustez, «Europarentzat garai erabakigarrian da hau. Neurri sorta hau gure etorkizunaren zimendua da, etorkizunean gure enpresek Europako softwarearekin lan egin ahal izan dezaten, gure ospitaleak libre izan daitezen EBn garatutako adimen artifiziala aukeratzeko, gure enpresak mundu mailako txapeldun izan daitezen hemen Europan egonda. Hori ez da fantasia bat: hautu bat da».

Lau eremu nagusi hartzen ditu Bruselaren neurri sortak: hodeia, txipak, kodea eta energia.

Hodeia

Hodeiaren eta Adimen Artifizialaren Garapenerako Legea (CADA) da sorta horren muina. Adimen artifiziala eta hura elikatzen duten datuak datu zentroetan gorpuzten dira, eta, CADAn jasotako helburuen arabera, Europako Batzordeak datu zentroen kopurua handitzea nahi du, eta bizkor: bost-zazpi urteko tartean hirukoiztu egin nahi du EBko datu zentroen ahalmena. 

Ahalmen hori, azpiegitura fisikoa, ezinbestekoa da benetako burujabetza teknologikoa lortuko bada; horrek berma dezake ondoen, adibidez, EBren eta europarren datu delikatuenak kanpora ez ateratzea.

DATUAk

%80

EBren menpekotasun teknologikoa. Europako Batasunean erabiltzen diren produktu, zerbitzu, azpiegitura eta protokolo digitalen %80 Batasunetik kanpoko hornitzaileek eskaintzen dituzte. %70-75 AEBetako konpainiak dira.

43

Frantziak zenbat gastatzen duen AEBetako teknologia digitaletan, milaka milioi eurotan. Enpresa handietako eta administrazioetako ordezkariak biltzen ditu Cigref Frantziako enpresa handien informatika elkarteak. Haren arabera, Frantziako enpresa handiek urtean 43.000 milioi euroren erosketak egiten dizkiete AEBetako konpainia teknologiko handiei. EB osoan, berriz, 264.000 milioi euro direla kalkulatu dute.

Ildo horretan, hodei zerbitzuentzat lau burujabetza geruza aurreikusi dituzte CADA legean, eta haiek zehazteko irizpideak hauek izango dira: hornikuntza sareen gaineko kontrola, azpiegituren kokapena, AAko inferentzia datuen erabilera eta zibersegurtasuna. EBko herrialde bakoitzak balorazio bat egin beharko du, erabakitzeko haien administrazioko zer jarduera kasu ezarriko den zer burujabetza geruzatan.

Geruza horiek bidea izan daitezke AEBetako konpainia teknologiko handien burujabetza zuriketa saihesteko ere. Hots, hodei subiranoak saltzeko ez da nahikoa ziurtatzea datuak EBn geratuko direla, edo datu zentroak EBn eraikitzea, gero egiaz AEBetako epaileen eta espioitza agentzien esanetara badaude konpainia horiek. Lau maila horietako hirugarren geruzan, esaterako, zerbitzu teknologiko publiko jakin batzuk emateko, hornitzaileek EBko jabetza izan beharko dute, EBtik kontrolatuak izan, eta langileek ere EBko herritar izan beharko dute. 

GERMANY TECHNOLOGY
Googleren logoa konpainiaren adimen artifizialeko Berlingo zentroan. FILIP SINGER / EFE

Txipak

EBren beste ahulezia handia bat mikrotxipen ekoizpen txikia da. Ondorioz, txipen inportazioen eta hornikuntzaren gorabehera txikienak industriako alor oso bat baldintza dezake Batasunean, Herbehereetako Nexperiaren eta bere jabe txinatarraren aferarekin eta Europako automobilgileekin gertatu zen bezala.

Horregatik, txipen lege berriarekin (Chips Act 2.0) Bruselak txipen industria indartu nahi du, baina, fabrika handien sorrera lagundu beharrean, asmoa da EBn bertan diseinatu eta egindako txipen eta hardwarearen eskaria bultzatzea; horretarako, adibidez, hornitzaile eta bezeroen arteko kontratu luzeak erraztuko dituzte.

Kode irekia

Bruselak EBko Ekosistema Digital Irekiak ere proposatu ditu, eta, beraz, apustu garbia egiten du kode irekiko teknologien alde. Mota horretako softwareak tresna izan daitezke AEBetako konpainien erabateko nagusitasuna hausteko: kode irekiaren bidez, datuen eta sistemen kontrolari eusten zaio, baina, batez ere, bidea ematen du konpainia teknologiko handien eta haien ekosistemaren mende egoteari uzteko.

Era berean, askoren ustez, kode irekia tresna egokia izan daiteke Europan bertan konpainia teknologiko handiak edukitzeko. Kode irekien inguruko eskaria, eskaintza, berrikuntza bultzatu nahi dituzte legearen bitartez, eta administrazioek horiek lehenestea beren kontratazio askotan, ziurrenez AEBetako konpainia handien kaltetan. 

Energia

EBko datu zentroen 2024ko argindar kontsumoa hogei milioi etxebizitzaren adinakoa izan zen. 2030. urterako kontsumo hori bikoiztu egingo dela espero da, eta, horregatik, Bruselak neurriak iragarri ditu datu zentroetarako beharko den argindarra ekonomiako beste alorren elektrifikazioarekin bateragarria egiteko. Sistema elektrikoaren beraren digitalizazioa bultzatuko dute jasangarritasuna bermatzeko, prezioei eusteko eta sistemaren burujabetza eta kontrola mantentzeko. 

DATUAk, AEB-en esku

Noren esku laga nortasuna ziurtatzeko sistema digitalak?  Ez da galdera makala, halako datu delikatuak kanpoko gobernu autoritario baten esku gera badaitezke, prozedura erabat legezko baten bidez, gainera. Adibidez, AEBetako Hodeiaren Legeak dio jabetza AEBetakoa duten konpainiek bezeroen datuak eskuragarri jarri behar dituztela hango epaileek eta segurtasun agentziek hala eskatuz gero; hau da, berdin dio datu horiek EBn dauden edo EBko herritarrenak diren.

Horri erabateko mendekotasun digitala gehituz gero, panorama beldurgarria dela ondoriozta daiteke.

 Zaurgarritasun handi horri aurre egiteko bidea EBko bertako konpainiak lirateke, baina ez dirudi nahikoa, ez behintzat beste babes neurri batzuk hartzen ez badira. Adibidez, nortasun digitala ziurtatzeko zerbitzu horiek ematen dituen Solvinity Herbehereetako enpresa erosi nahi izan du AEBetako Kyndryl konpainiak, baina Herbeheretako Gobernuak operazioa eragotzi zuen joan den astean, «interes publikoen kontrako arrisku batzuk» zekartzalakoan. Kyndrylek haserre erantzun du, prozesuaren «politizazioa» gaitzetsiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA