Kongresuan ez bezala, Senatuan finantza merkatuetako krisiari aurre egiteko salbamendu plana aurrera ateratzea lortu du George Bush AEBetako presidenteak. Horretarako, zenbait aldaketa egin behar izan dizkio hasierako egitasmoari, "herritarrak babesteko". Besteak beste, hainbat zerga arintzea aurreikusten du, "erdiko klaseari" laguntzeko asmoz. Nolanahi ere, hasierako planean bezala, finantza merkatua garbitzeko eta bere onera ekartzeko Gobernuak 700.000 milioi dolar jartzea aurreikusten da.
Atzo arratsean onartu zuen egitasmoa AEBetako Senatuak (74 senatari alde, 25 kontra), baina orain Kongresuaren oniritzia behar du aurrera egin dezan. Kongresuak atzera bota zuen hasierako egitasmoa astelehenean (228 boto kontra, 205 alde), eta ziurrenera, Senatuaren baiezkoa jaso ondoren, bihar bozkatuko dute berriz. Oraingoan, aipatutako aldaketak eginda, egitasmoak aurrera egitea espero dute Gobernuko iturriek.
Ekonomia