Busturiko langile bat hil da, hilaren 3an Gernikan izan zuen istripuaren ondorioz

Ezbeharra ez ikertzea egotzi dio LABek Lan Ikuskaritzari, baina enpresak dio Osalanek aztertu zuela

Erredakzioa
2009ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Gernika-Lumoko eskolako teilatua konpontzeko lanean ari zela martxoaren 3an istripua izan zuen gizonezkoa hil zen atzo. LAB sindikatuak jakinarazi zuenez, ezbeharrean izandako zaurien ondorioz zendu zen Gurutzetako erietxean, Barakaldon (Bizkaia), bihotzekoak jota.

Busturikoa zen behargina, eta 46 urte zituen. Bengozarra eraikuntza enpresarentzat ari zen lanean, Gernika-Lumoko Udalak berak kontratatutako lanetan, herriko ikastetxe publikoko teilatua konpontzen. Handik jausi egin zen, ezbeharraren zergatia argitu ez bada ere.

Ospitalera eraman zuten zaurituta, hezur haustura batzuk zituela, eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean izan da ordudanik, atzo goizean hil zen arte.

LABek istripuaren inguruan ikerketarik egin ez izana leporatu zion Lan Ikuskaritzari. Iragarri zutenez, idatziz eskatuko dute gaur gertatutakoa argitu dezaten. Bengozarra enpresako ordezkariek, alabaina, sindikatuaren salaketa ukatu zuten. Esan zutenez, istripua izan ostean Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Osalaneko ikuskatzaileak izan ziren bertan, gertutakoa ikertzen.

Protesta deialdia

Lankidearen heriotza salatzeko mobilizazioak iragarri ditu gaurko LABek. Lehenengo eta behin, 24 orduko lanuzterako deia egin diete Bengozarrako langileei. Horrez gain, elkarretaratzea egingo dute goizeko 11:30ean, enpresaren egoitzaren aurrean, Gernika-Lumoko Txaparta industrialdean.

2009. urtea hasi denetik, hamasei langile hil dira ezbeharretan edo lanerako bidean Euskal Herrian, LAB sindikatuak eginiko zenbaketaren arabera. Bizkaian gertatu dira istripu horietako gehienak, zazpi behargin hil baitira lurralde honetan. Nafarroan beste bost lagun hil dira lanean, Gipuzkoan hiru eta Araban bat.

Iaz 112 behargin hil ziren Euskal Herrian lan istripuetan, aurrekoan baino hamahiru gutxiago.



Lanean hildakoak

16

Urte hasieratik. Euskal Herrian hamasei lagun hil dira lan istripuetan urtea hasi denetik, LABen arabera. Bizkaian, dagoeneko, zazpi behargin hil dira, horietako bat Gernika-Lumon berton, otsailaren 9an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.