CAF hazi egin da 2010ean ere, %25 gehiago salduta

Ia 130 milioi euro irabazi ditu tren ekoizleak, 2009an baino %4 gehiago; 2011 ere «urte ona» izango dela aurreratu du presidenteakMerkatu berrietara sartzea eta lehendik zegoen merkatuetan sendotzea lortu du

Donostia
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Krisiaren atzaparretatik ihes egiterik inork lortu ez duen arren, badira zailtasunei aurre egin eta urtez urte hazi egin diren enpresak. Horietako bat da CAF Construcciones y Auxiliares de Ferrocarriles. «Emaitza on horiek, hein batean, konpainiak berak eraginkorrago izateko egin duen ahaleginari esker» lortu dituztela nabarmendu zuen Jose Maria Baztarrika presidenteak atzo, akziodunen batzarrean.

1. Emaitza onak

Beste urte batez, aurreko ekitaldiko emaitzak hobetzea lortu du CAFek: 129,6 milioi euro irabazi ditu 2010ean, 2009an baino %4 gehiago. Hala ere, salmentetan izan du bilakaerarik onena: 1.576 milioi euro fakturatu ditu, 2009an baino %25 gehiago. Kontuan hartzekoa da 2008tik 2009ra bitarte ere beste %25 hazi zirela CAFen salmentak. Horiek horrela, akziodunei dibidendutan 36 milioi euro banatzea erabaki zuten atzo, akzio bakoitzeko 10,5 euro, iaz adina.

Baztarrikak nabarmendu zuen taldearen finantza egoera oso ona dela orain ere. Hala ere, zuzendaritzak proposatuta, borondatezko erreserba funtsean 76,65 milioi euro sartzea erabaki zuten. 2010aren bukaeran taldeak 414,2 milioi euro zituen altxortegian. Presidentearen esanetan, «horrek, dudarik gabe, etorkizuneko helburuak betetzea erraztuko dio konpainiari».

CAFek iaz, batez beste, 6.938 laguni eman zien lana, 2009an baino 1.200 gehiagori eta 2008an baino 2.200 gehiagori.

2. Eskaera berri ugari

Lan eskaera eta kontratu berriak lortzea sekula ez da arazo izan Beasaingo fabrikatzailearentzat,eta iaz ere martxa horri eustea lortu zuen. Hala, urtearen bukaeran 4.518,9 milioi euroren eskariak zituen, bere historiako kopururik altuena.

Guztiak zerrendatzea ezinezkoa zela eta, eskaerarik esanguratsuenak nabarmendu zituen Baztarrikak akziodunen aurrean. Besteak beste, CAFi Bretainiako, Frantziako eta Suediako merkatuetara sartzeko aukera eman dioten kontratuak aipatu zituen, Naonedeko, Besançoneko eta Stockholmeko tranbiak hornitu beharko baititu. Horrez gain, Mexikoko eta Brasilgo merkatuetan egonkortzea ekarri dioten kontratuak eta bidaiarien garraiorako AEBetako trenbide sarea kudeatzen duen enpresa nagusiarekin —Amtrak— egindakoa azpimarratu zituen.

3. Mantentze lanak

Orain urte batzuk arte, trenak egitea zen Beasaingo enpresaren lan bakarra. Baina, pixkanaka, jarduera nagusiari lotutako beste zenbait negozio garatzen ari da. Hala, mantentze lanak egiteko kontratuek gero eta leku handiagoa dute CAFen eskarien zorroan, eta geroz eta pisu handiago haren fakturazioan.

Iaz, 100 milioi euroren salmentak egin zituen esparru horre-tan, urtebete aurretik baino %30,3 gehiago. Eta lan eskaera berriak ere jaso zituen; besteak beste, Mexikoko trenbide linea berri baten mantentze lanak egitekoa datozen hamabost urteetan eta Brasilgo Sao Paulo hiriko linea batenak datozen hogei urteetan.

Beasaingo konpainiak mantentze lanetan aritzen diren 38 zentro ditu.

4. Aurrera begira

Iazko emaitzez gain, enpresak aurtengo ekitaldiari begira dituen aurreikuspenak zeintzuk diren azaldu zituen Baztarrikak atzo. Urtarriletik martxora 399,2 milioi euroren salmentak egin ditu CAFek, iaz garai berean baino %13 gehiago, eta hiruhilekoaren bukaeran 4.433,6 milioi euroren eskaerak zituen zorroan, iaz garai berean zituen adina.

Baztarrikaren esanetan, «lehendabiziko datu horiek ikusita, aurreratu genezake aurtengoa ere urte ona izango dela gure konpainiarentzat». Hala ere, ez ei diote utziko beste aukera batzuk aztertzeari. Europan bidaiarien nazioarteko garraioa liberalizatzea, esaterako, CAFentzat gehiago hazteko aukera ezin hobea izango dela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.