Testuingururik zailenean ere zailtasunei aurre egin eta aurrera ateratzeko gai dela erakutsi duCAF Construcciones y Auxiliares de Ferrocarrilesek. Krisiak krisi, urtez urte hazi da Beasaingo tren fabrikatzailea. Iaz ere bai. Taldeak 1.725,1 milioi euroren salmentak egin zituen, 2010ean baino %10 gehiago, eta 146,2 milioi euro irabazi zituen, %13 gehiago. Emaitzok taldearen osasun onaren isla eta azken urteotan egonkortzeko egindako lanaren fruitu direla nabarmendu zuen Jose Maria Baztarrika presidenteak atzo, akziodunen batzarrean.
Taldearen finantza egoera oso ona dela adierazi zuen, 2011ren bukaeran altxortegian 321,7 milioi euro zituela. Hala ere, zuzendaritzak proposatuta eta aurreko urteetako ildoari jarraiki, borondatezko erreserba funtsean 55,7 milioi sartzea erabaki zuen batzarrak, «etorkizuneko helburuetarako lagungarria». Beste 36 milioi euro, berriz, dibidendutan banatuko dituzte, akzioko 10,5 euroko ordainsaria emanda.
Eskaera zorroa, beteta
Aurreko urteetako moduan, iaz ere eskaera eta kontratu mamitsu ugari iritsi ziren CAFen eskuetara, gehienak Euskal Herritik eta Espainiatik kanpoko merkatuetatik. Urte bukaeran, 5.036 milioi euroren eskariak zituen zorroan, inoizko kopururik handiena.
Guztiak zerrendatzea ezinezkotzat jota, iaz sinatutako kontratu garrantzitsuenak azpimarratu zituen Baztarrikak, akziodunen aurrean. Hiri inguruetarako pentsatutako Civity plataformari esker lortu dituen hirurak aipatu zituen aurrena: Italiako Friuli-Venezia-Julia eskualderako Trenitaliarekin egindakoa; Montenegroko trenbide enpresa publikoarekin egindakoa; Deustche Bahn enpresa alemaniarrarekin egindakoa. Azken horri esker, 400 tren egiteko kontratua lor dezake datozen hilabeteetan.
Horiez gain, eskaerak jaso zituen Turkiatik, Errumaniatik, Txiletik, Brasildik, AEBetatik... eta Zeelanda Berriko merkatuan sartzea lortu zuen.
CAFek iaz, batez beste, 6.926 laguni eman zien lana, 2010ean baina hamabi gutxiagori, baina 2009an baino ia 1.200 gehiagori.
CAF hazi egin da 2011n ere: %10 gehiago saldu du eta %13 gehiago irabazi
Beasaingo taldeak 5.036 milioi euroren eskariak ditu zorroan, bere historiako kopururik handiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu