Euskal Herriko enpresa handi bat, berriro jopuntuan Palestinako auziagatik. Gizarte zibileko zazpi erakundek salaketa jarri dute Espainiako Fiskaltzan CAFeko administrazio kontseiluaren aurka, Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzan duen inplikazioagatik. BERRIAk jakin duenez, salaketa otsailaren 18an erregistratu zuten, eta fiskaltza aztertzen ari da.
Enpresaren zuzendaritzak erantzukizun penalik baduen ikertzeko eskatu diote fiskaltzari. Salaketa jarri duten erakundeen arabera, azpiegitura horrek nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen du, palestinarren «apartheida» bultzatzen duelako. Salatzaileek adierazi dute ezen, fiskaltzak aurrera egiten ez badu, «beste bide juridiko batzuk aktibatzeko» asmoa dutela eta «zuzenean kaltetutako» Palestinako eragileekin batera ariko direla horretan.
Lehen urrats gisa, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalak ikertzea nahi dute, Sidenorren kasuan egiten ari den bezala. Martxo hasieran, Francisco de Jorge epaileak bidea zabaldu zuen Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea eta zuzendaritzako beste bi kide genozidio baten konplize gisa ikertzeko, Israelgo enpresei altzairua saltzeagatik, Gazako genozidioan erabilitako armak egiteko. Kasu horretan, fiskaltza genozidio delitua leporatzearen aurka agertu da, baina kontrabandoagatik ikertzearen alde egin du.
CAFen aurkako salaketan, Sidenorren auziaren sustatzaile nagusia azaltzen da: Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa. Harekin batera beste hauek ere bat egin dute: Novact indarkeriarik ezaren aldeko institutua, CSCA arabiar kausarekiko elkartasun batzordea, ODESCA gizarte eskubideen eta justizia ekologikoaren aldeko behatokia, Paz con Dignidad erakundea, SUDS feminismoaren, internazionalismoaren eta justizia globalaren aldeko elkartea eta Guernica 37 abokatu taldea.

CAFek 2019az geroztik parte hartzen du Jerusalemgo tranbiaren proiektuan. Salaketa jarri duten erakundeen arabera, azpiegitura horren bidez lotzen dituzte Israelek Jerusalem ekialdean okupatuko lurraldeak eta Jerusalem mendebaldea, eta, ondorioz, kokagune horien «integrazioa eta hedapena indartzen» laguntzen du, «auzo palestinarren zatiketa areagotuz». Nabarmendu dute «apartheida instituzionalizatzeko sistema bat» dela Jerusalemgo tranbia. «Egia esan, okupatutako Jerusalem ekialdeko israeldar kokagune ilegalak Jerusalem mendebaldeko hirigunean integratzeko diseinatuta dago: kokalekuak [helburu horretarako] erakargarriagoak bihurtzen dira, eta iraunkorrak».
736.000Kolonoak
Salaketa jarri duten erakundeen arabera, CAF Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiaren lurretan 736.000 israeldar kolono bizi dira. Bi lineak zeharkatuko dituzte okupatutako lurrak. Nabarmendu dutenez, linea gorria zabaltzen ari dira, eta, amaitzen dutenean, 33 geltokitatik seik bakarrik balioko dute palestinarren auzoetarako. Linea berdea, berriz, egiten ari dira, eta aurreikusitako 33 geltokietatik bi baino ez dituzte jarriko palestinarren auzoetan.
Azpiegituraz gain, CAFek 114 bagoi berri egingo ditu, eta lehengo 46 moldatzeko ardura ere izango du. Horrekin batera, seinaleztapen, energia eta komunikazio sistemen hornikuntza eta proiektu osoaren integrazioa ere jasotzen du kontratuak, eta mantentze zerbitzuak 25 urterako.
Fiskaltzari bidalitako informazioan jaso dutenez, CAFek bi sozietate instrumentalen bidez parte hartzen du proiektuan. Bata, CFIR Light Rail Ltd da: hura da proiektua diseinatzeko arduraduna. Bestea, LAVI Light Rail O&M Ltd: hark gauzatuko du proiektua eta arduratuko da mantentze lanez 25 urtez. CAFek %50eko partaidetza du LAVIn, Israelgo Saphir ingeniaritzarekin batera. Enpresa bateratu gisa funtzionatzen du, erantzukizun partekatua du, eta enpresa filialen jabetza osoa du.
Lege oinarriak
Ikuspegi juridikotik, hiru delitu leporatzen dizkiote CAFeko zuzendaritzari, Espainiako Zigor Kodean jasotako nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurkako jokabideekin lotura dutenak. Batetik, 611.5 artikulua aipatzen dute, zeinak potentzia okupatzaileko biztanleak lurralde okupatuetara lekualdatzea eta bertan kokatzea zigortzen duen; 611.6 artikulua, arraza segregazioa eta diskriminazioan oinarritutako tratu ankerrak zigortzen dituena; eta 614. artikulua, Genevako Laugarren Hitzarmenaren urraketekin lotutakoa.
Salatzaileen ustez, Espainiako Estatuak badu kasua ikertzeko jurisdikzioa. Argudiatu dutenez, CAF Espainian erregistratutako enpresa bat da —Beasainen (Gipuzkoa) du lantegi eta egoitza nagusia—, bere erabaki korporatiboak eta gobernu organoak Espainiako lurraldean daude, eta zuzendariek espainiar nazionalitatea dute. Ondorioz, enpresaren jarduera «Espainiatik eta Espainiako egituren bidez» gauzatzen dela diote, eta horrek lotura juridiko zuzena ezartzen duela aipatutako delituekin.
Iaz, «genozidioaren ekonomiatik» etekina ateratzea leporatu zion NBEko kontalari bereziak CAFi, eta Israelen kokalekuetako jardueretan parte hartzen duten enpresen datu basean sartu zuten
Horrez gain, nazioarteko zuzenbide humanitarioak estatuei ezartzen dien betebeharra gogorarazi dute: haien interpretazioaren arabera, estatu horien jurisdikziopeko eragileek —enpresak barne— ezin dute parte hartu giza eskubideen urraketa larriak eragiten dituzten egitasmoetan, eta, hala gertatuz gero, neurriak hartu behar dituzte halakoak ikertu eta zigortzeko.
Salaketa testuinguru zabalago batean kokatu dute, eta urteotan CAFek jaso dituen ohartarazpen eta kritikak gogoratu. Nabarmendu dutenez, enpresari behin eta berriz eskatu zaio proiektutik erretiratzeko, bai gizarte zibileko taldeek, bai sindikatuek, bai nazioarteko erakundeek. Hala ere, CAFek egitasmori eutsi dio, eta 2025ean linea gorriaren luzapena inauguratu zuen.
Handik gutxira, Francesca Albanese NBEren Palestinari buruzko kontalari bereziak «genozidioaren ekonomiatik» etekina ateratzea leporatu zion CAFi, eta beste konpainia batzuei. Eta irailean CAF formalki sartu zuten Israelen kokalekuetako jardueretan parte hartzen duten enpresen NBEren datu basean. Hori zela eta, zenbait hilabetez kolokan egon zen Beasaingo tren ekoizlearen inoizko kontraturik handiena, Belgikan.