Diru kopuru handiko kontratuak bata bestearen atzetik sinatzen ari da CAF aurten. Oraingo honetan Madrilgo metroarentzat 60 tren ekoitziko ditu, eta trukean 400 milioi euro poltsikoratuko ditu enpresa gipuzkoarrak. Sunsundegik ere beste kontratu garrantzitsu bat lortu du FEVErekin, 43 milioi eurokoa, hain zuzen ere. Kontratu horretan zehazten denez, hamabi tren egingo ditu trenbide enpresarentzat.
CAFek atzo eman zion kontratuaren berri Balioen Merkatuko Espainiako Batzordeari (CNMV). 60 tren horiek hiru eta sei bagoi artean izango dituzte, eta, guztira, 320 bagoi ekoitziko dituzte. Madrilgo metroak 17 urteetarako alokatuko ditu trenak, eta mantentzearen truke 200 milioi euro ordainduko ditu. 2010erako trenak prest edukitzea espero dute.
Madrilgo Autonomi Erkidegoak eta Udalak finantzatuko dute proiektu hori: %52 erkidegoak, eta %48 Udalak. Gainera, beregain hartuko dituzte errentaren eta mantentzearen gastuak.
Tren berri horien bidez Madrilgo metroaren seigarren bidea guztiz modernizatzeko asmoa dute, eta baita bigarren, zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren eta hamaikagarren bideak eraberritzeko eta zabaltzeko ere. Bagoi guztiek maldak izango dituzte, trenaren eta nasaren artean geratzen den zuloa estaltzeko. Gainera, suaren eta kearen kontrako materialez egingo dituzte.
Aurten hainbat kontratu garrantzitsu sinatu ditu CAFek. Esaterako, Brasilen 326 milioi euroko bi kontratu sinatu ditu, bata Sao Pauloko Metropoliko Tren Paulisten konpainiarekin, eta bestea, Sao Pauloko metro konpainiarekin. Turkian, 123 milioi euroko kontratua lortu du, Izmirreko ibilbide laburreko trenbideetarako. Saudi Arabiari, berriz, zortzi tren saldu dizkio, eta 104,9 milioi euro jasoko ditu.
CAF-Sunsundegi elkarlana
Sunsundegik eta CAFek FEVErentzat hamabi tren ekoizteko lehiaketa irabazi dute. Salmentak guztira 43 milioi euroko balioa du, eta 27 hilabeteko epean hamabi tren ekoitzi beharko dituzte bien artean. Sunsundegi ibilgailuaren diseinuaz eta kaxa egiteaz arduratuko da, eta CAF, berriz, egituraren eta bogi-en -errailaren gainean joango den gurpil parea- eta bagoien arteko loturez. Trenak abiadura handian ibiliko direnez, (120 km/h) aurrealde aerodinamikoagoa diseinatu beharko du Sunsundegik, eta baita balazta eta azelerazio sistemak indartu ere. Enpresaren arabera, erronka garrantzitsua izango da hori, orain arte ez baitute halakorik egin.
CAFek 60 tren egingo ditu Madrilgo metrorako 400 milioiren truke
CAFek eta Sunsundegik hamabi tren egingo dituzte FEVErentzat eta 43 milioi euro jasoko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu