CAFek 89 milioi euro irabazi ditu, %71 gehiago

Urtearen bigarren erdia hobea izan arren, kontratazioa %23 apaldu zen. Hala ere, inoizko eskari zorrorik handiena dauka: 14.200 milioi eurokoa.

CAF
Agintarien bisita CAFera, astelehenean. JUAN HERRERO/ EFE
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 27a
18:30
Entzun

Zailtasunekin hasitako urtea ongi amaitzea lortu du CAFek. Gipuzkoako industria enpresarik handienak azken hamar urteetako irabazirik handienekin eta inoizko eskari zorrorik handienarekin bukatu zuen 2023. urtea, eta 2024a are hobeto joango dela espero du, salmentak %10-15 handituko dituelakoan baitago.

2023an, taldearen mozkinak %71 handitu ditu Beasaingo konpainiak, eta 89 milioi euroraino iritsi da. 2008-2013ko epea izan zen mozkinen aldetik oparoena CAFentzat —2011n 146 milioi irabazi zituen—, baina orduz geroztik negozioaren errentagarritasuna asko apaldu da. Urte horretan, esaterako, 1.725 milioi euro fakturatu zituen CAFek, eta halako bi baino gehiago egin behar izan du aurten (3.825 milioi) diru gutxiago irabazteko. Edonola ere, enpresak nabarmendu du 2023an pixka bat hobetu zuela bere errentagarritasuna, emaitza operatiboaren %4,7raino. 

Kontratazioetan, ordea, beherakada izan du CAFek: 4.775 milioi euroren kontratuak lortu zituen iaz, aurreko urtean baino %23 gutxiago. Urtearen lehen erdia motel joan zitzaion, baina bigarrenean proiektu berri gehiago eskuratu ditu konpainiak. Horien artean handiena izan da Erresuma Batuko LNER operadorearekin lotutakoa, Londres eta Edinburgo lotzen dituen trenbiderako hamar tren egiteko, 500 milioi euroren truke.

Urtearen bigarren erdi horretan ere egin du akordioa Eusko Trenekin, lau bagoiko bost tren egiteko, 60 milioi euroren truke.

Gainera, CAFek nabarmendu du Coradia Polyvalent plataformaren lehen eskaria jaso duela. 2021ean erosi zion hura Alstomi, Reichshoffeneko fabrikarekin batera (Alsazia, Frantzia), hark Bombardier erostean aktibo batzuk alde batera uztera behartu baitzuen Europako Batzordeak.

Solarisen lidergoa

Trenak izan dira CAFek egindako salmenten %79, eta gora egin dute urteak aurrera egin ahala, baina hobekuntza izan du autobusen adarrak ere. 2018an erosi zuen Poloniako Solaris autobus egilea, eta bere negozioaren laugarren hanka bat bilakatu da; beste hirurak trenen eraikuntza, haien mantentzea eta seinaleztatzea dira. Marka arrakastatsua zen orduan Solaris, eta hala da orain ere: liderra da Europan hidrogeno bidezko hiri autobusetan —merkatuaren %45 dauka, eta %20 haren lehiakide nagusiak—, eta lehen postuetan dago elektrikoetan ere.

Hurrengo urteetan asko espero du CAFek alde horretatik, 2035erako hirietako autobus berri guztiek zero emisiokoak izan behar baitute, eta jada %83 baitira horiek bere eskarietan.

Solarisek, baina, arazoak izan zituen 2022 amaieran eta 2023 hasieran, hornidura katea eten baitzen, eta Ukrainako gerrak ekarritako kostuen handitzeak eragin baitzuen kontratu batzuekin dirurik ez irabaztea. Baina kostuen eragina jaso zuten proiektuak atera dira jada eskari zorrotik, eta, proiektu errentagarriagoak sartu direnez, atal horrek ere dirua ekarri dio CAFi.

Iazko azken hiruhilekoan 320 milioi euroren kontratuak lortu zituen autobusen adarrean, Italiarako batik bat (Venezia, Milan, Catania, Bologna), baina baita Berlinerako eta Madrilerako ere.

%71

Europa da CAFen jokaleku nagusia (zorroaren %71 dauka kontinentean, Euskal Herria eta Espainia kontuan hartuz gero), baina 2023an pisua hartu du Amerikak, Brasilen eta Mexikon egindako kontratuen ondorioz.

Trenen eta autobusen eskaera handitu ahala handitu da CAFen eskari zorroa ere: 14.200 milioi euroren kontratuak ditu betetzeko, 2022aren amaieran baino ia mila  milioi euro gehiago. Horietatik 4.000 milioi aurten bukatu behar ditu, eta, hortaz, beste 10.000 milioi geratuko zaizkio hurrengo urteetan kobratzeko. Gainera, enpresak nabarmendu du beste 8.000 milioi euroren kontratuak lortzeko lehian dagoela gaur egun.

lehengaien garestitzea konpentsatuko du renfek

Inflazio handiak arazoak eragiten ditu enkante bidezko kontratazioetan, litekeena baita lehengaien garestitzeak kontratu bat lortzeko eskainitako prezioa errentagarri ez bilakatzea ekoizlearentzat. Hori gertatu zaie tren egileei ere, eta, horren harira, Renfek erabaki du 2019az geroztik egindako enkargu batzuen truke diru gehiago jartzea. Alstomek, Stadlerrek eta CAFek jasoko dute konpentsazioa. 4.000 milioi euroren kontratuak dira, eta enpresek eskatu dute %20 gehiago jasotzea, baina Renfek ez du argitu zenbat gehiago jarriko duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.