CAFek aldiriko 29 tren hornituko ditu Renferentzat

192 milioi euroko kontratua sinatu dute. Etorkizunean bederatzi tren elektriko fabrikatzeko aukera ere hitzartu dute.

Renferen aldirietako tren bat Donostiako tren geltokira iristen. GORKA RUBIO / EFE
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 28a
10:50
Entzun

CAFek aldiriko 29 tren hornituko ditu Renferentzat. Atzo goizean sinatu zuten 192 milioi euroko kontratua, Renfeko administrazio kontseiluak dokumentua onartu ondoren. Aldiriko tren horien hornikuntzaz gain, datozen urteetan CAFek bederatzi tren elektriko fabrikatzeko aukera ere hitzartu dute.

Lau kotxe izango dituzte CAFek fabrikatuko dituen aldiriko trenek, eta horietan bostehun bidaiarirentzat baino gehiagorentzat egongo da tokia. Gainera, tren horien mantenua eta ordezko piezak hornitzea ere haren esku egongo da datozen hamabost urteetan.

Trenen zati handi bat berritzea eta horiek eragingarriagoak eta jasangarriagoak egitea da Renfek etorkizunerako duen apustu handienetako bat. Horretarako, modernizazio plan bat jarri zuen abian 2019an, zeinak helburu duen aldirietako eta distantzia ertaineko trenen %50 berritzea.

Bada, modernizazio plan horren barruan CAFekin sinatzen duen hirugarren kontratua da hau. Izan ere, 290 milioi euroko kontratua sinatu zuten urrian, CAFek distantzia ertaineko tren berriak fabrikatzeko.

Horiek hala, CAFek adierazi du «baikortasunez» ekin diotela aurtengo ekitaldiari, eta espero du 2022ko joerari eustea. Hain zuzen, emaitza onekin amaitu zuten iazkoa, urte amaieran lortutako eskarien zorroa «inoiz» lortutakoa baino handiagoa izan baitzen; hots, 13.000 milioi eurotik gorakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.