TRENGINTZA

CAFek elkarlanean jo du nazioartera, produktu osoen eskaria asetzeko

Trengintzako enpresak 14 milioi euro irabazi zituen iaz, eta balio erantsia handitzea eta kostuak apaltzea ditu erronka

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
CAFen finantza egoera «oso sendoa» da. Munduko 20 herrialdetan ibiltzen dira Beasaingo (Gipuzkoa) konpainiak ekoitzitako trenak, eta arrakasta lortu ahal izateko elkarlanean jardun da. Are gehiago, bezeroek sistema osoak eskatzen dituztelako. Salmentak 578 milioi eurora iritsi ziren iaz, eta 14,056 milioi euro irabazi zituzten, 2003an baino %21 gehiago.

Partzuergoa osatu eta eskaintza ugari beste enpresa batzuekin egin zituen iaz. Egun ere, Europako beste hainbat ekoizlerekin bat egin eta Afrikan, Europan eta Hego Amerikan aurkeztutako proiektuen onespenaren zain daude.Jose Maria Baztarrika CAFeko lehendakariak Urteko Txostena aurkeztu zuen atzo akziodunen batzarrean. Zehaztu zuenez, eskaera zorroa inoizko baliorik handienera iritsi zen abenduaren 31n; 2.445 milioi euro zehazki. Iaz 1.433 milioi euroko kontratuak itundu zituzten. «Espainiako zenbait administraziok tren garraioaren alde egindako apustuak eta CAFek merkatu segmentu guztietan produktuak izateak ekarri dute kontratu kopuru handia».Bost erronka estrategiko nabarmendu dituzte aurtengo ekitaldirako. Lehenik eta behin, eskaintzen duten zerbitzurako oso baliagarriak diren produktuen garapen teknologikoa bultzatu nahi dute. Abiadura handia eta zabalera aldakorraren arloan, teknologia mekatronikoen inguruan edo komunikazioan, esaterako.Kostuak gutxitu nahi dituzte. Estandarizazioa eta kostuen murrizketa eragingo duten produktu sorta garatu nahi dute. Era berean, lantegien arteko industria arrazionalizazioa dute helburu. Ingeniaritza programez, logistika osoaz eta jarduera nagusiak ez direnak azpikontratatzeaz baliatuko dira. Erosketetan ere, ordaindu beharrekoa apaltzea desio dute eta horretarako material eta hornitzaile berriak aztertuko dituzte.Kalitatea arriskuan jarriko dutenik ukatu egin zuen Baztarrikak. Kudeaketan ere bikaintasuna lortu nahi dute eta EFQM ereduan oinarrituko dira horretarako. Erronka estrategiko horiek betez gero, etxeko merkatuan sendotu eta lehiaketetan kontratuak lortuko dituztelakoan dira.Mantentze lanak lehentasunen artean direla azaldu zuen Baztarrikak. Arlo horretan, 2003ko jarduera hirukoiztu zuten iaz. Joera bihurtu da trenbideetako enpresek mantentze lanak beste konpainiei eskaintzea eta epe luzerako kontratuak ematea. Zentzu horretan, CAFek «helburu bikoitza» lortu du: zenbait bezerorekin jarduera hori egonkortzea eta produktu berriak eskaini ahal izatea.

%25 dibidendu handiagoa

Osagaietan balio erantsi handiagoko produktuak eskaini nahi dituzte, gurpilen eta ardatzen arloan, batik bat. 189 milioi eurora iritsi ziren iaz osagaietako salmentak %15 gehiago eta aurtengo apirilaren 30ean inoizko eskaera zorro handiena zuten; 2.440 milioi eurokoa.

Akziodunen artean balioko 1,37 euroko dibidendua banatuko dute uztailaren 1ean, iaz baino %25,7 handiagoa 4,7 milioi euro orotara.Produktibitatea sustatzeko inbertsio garrantzitsuak egin zituzten, 23 milioi eurokoak. Azpiegitura berriak prestatu dituzte, teknologia garatuagoko produktuak eskaini ahal izateko. Era berean, Beasaingo, Irungo eta Zaragozako akabera-lantegiak egokitu eta handitu dituzte. Ibilgailuetarako Laborategi eta Entsegu Zentro berriko lanak hastera eta beraien jarduera ingurumen arauetara egokitzera ere bideratu dituzte inbertsio horiek.1998an baino 1.000 langile gehiago zituen iaz CAFek guztira. 374 behargin berri hartu zituzten 2004an, eta orotara 3.846 lagunek jarduten dute trengintzako konpainian. Hamarretik zazpi finkoak dira.Espainia, Estatu Batuak, Irlanda, Italia eta Mexikoko trenbideentzat ehunka kotxe ekoitzi zituen iaz CAFek. 164 tren eraman zituzten Estatu Batuetara, 96 Washingtongo metrora, 40 Kaliforniara eta 28 Pittsburghera. Irlandako trenbideetan CAFeko 20 tren berri ibiltzen dira iaztik eta bost Mexikon. Euskal Herrian Bilboko tranbiaren bagoiak entregatu zituzten iaz.

-

Kontratu nagusiak



 

2004





Renfe: Zabalera aldakorreko 45 tren gehiago ekoizteko ituna. 250 kilometro orduko abiadura hartuko dute. Bestetik, beste abiadura handiko 30 tren ekoizteko kontratua du.

Madrilgo metroa: 455 bagoiko kontratua: 3000 serieko 90 tren, 8000 serieko 14 motor eta 6000 serieko bederatzi atoi. 514 milioi euro jasoko ditu.

Erromako metroa: Sei bagoiko sei tren gehiago egiteko kontratua. 42 milioi euro jasoko ditu.

2005





Aljeriako trenbidea: 12 tren diesel.

Bartzelonako metroa: beste 50 bagoi.

Renfe: Civia modeloko 3 bagoidun bederatzi tren.

Mallorcako trenbidea: Sei tren elektriko, bada gehiago izateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.