Suediako hiriburuko SL AB (Storstockholms Lokaltrafik) garraio konpainiarekin 2010. urtean itxitako kontratua oparoa gertatzen ari zaio CAFi. Orduko hartan, konpainia gipuzkoarrak hamabost unitate fabrikatzeko eskaria erdietsi zuen, baina beste 121 tranbia erosteko aukera zabalik uzten zuten suediarrek, hiriburuak abian zuen garraio jasangarrirako programari erantzuten joan ahal izateko.
Lehen hamabost tranbia haiei beste zazpi gehitu zitzaizkien gero, eta horiek guztiek jada jardunean daude Stockholmgo kaleetan. Beste zortzi tranbiako eskaria izan zen hurrengoa, urte honen hasieran iritsitakoa. Tranbia horiek orain fabrikatzen ari da CAF, eta orain, beste dozena bat gehiago egin beharko ditu. Beraz, 42 tranbia guztira. Une kontratuaren zenbatekoa 37 milioi euroren ingurukoa dela azaldu du CAFek.
Azkena eskatutako hamabi tranbia horietatik bi lau modulutakoak izango dira, eta Lidingobanan linearako izango dira, haren maiztasuna hobetzeko. Gainerako hamar unitateak berriz, hiru modulukoak izango dira eta Tvarbanan lineara joango dira, 2121. urtetik aurrera lerro hori luzeagoa izango delako.
Stockholmgo sarerako egindako tranbia horiek guztiak URBOS plataformakoak dira; bi noranzkokoak eta solairu baxukoak. Gehieneko abiadura orduko 90 kilometrokoa dute eta Eskandinaviako klimak dakartzan baldintza gogorretarako prestatuta daude, adibidez, zero azpiko 40 gradutarainoko muturreko hotzei aurre egiteko.
Sinadura
Bestalde, CAFek gaur sinatu du De Lijn Flandriako Garraio konpainiarekin iazko urte amaieran hitzartutako 146 tranbia egiteko akordioa. Anberes, eta Ekialdeko zein Mendebaldeko Flandriarako fabrikatuko dira unitateak eta lehen 48 tranbien fabrikazioa abiatu da sinadurarekin. Kontratu hau 100 milioi eurokoa da.