Enpresak

CAFek hiru kontratu lortu ditu, guztira ehun milioi eurorenak

Amsterdamerako eta Stockholmerako garatzen ari den proiektuak zabaltzeko akordioak egin ditu, eta beste kontratu bat eskuratu du Napolirako metro unitateak hornitzeko.

Beasaingo fabrikan, lanean. CAF
xabier martin
2020ko ekainaren 24a
12:43
Entzun

Koronabirusaren osteko kontratu garrantzitsuenak lortu ditu Beasaingo konpainiak. Hiru kontratu dira, horietako bi aurretik egindako akordioak zabaltzeko proiektuak, eta beste bat berria. Guztira, ehun milioitik gorako salmentak dira.

Tren konpainiak esan du kontratu horiek agerian utzi dutela "ingurumena eta garraio kolektiboa funtsezkotzat jotzen dituzten eragileek" CAFekin duten konfiantza. Beasaingo enpresak eskatu du ez ahazteko berak egindako tranbiak eta metroak "Europan erreferentzia" direla, eta hiri askotan zirkulazioan daudela: Budapest, Edinburgo, Belgrad, Friburgo, Luxenburgo, Tallin, Naoned (Nantes), Utrecht, Birmingham, Erroma, Madril, Bartzelona, Helsinki, Brusela...

Gipuzkoako industria alorreko enpresarik handienak bi urterako lan poltsa handia dauka, baina koronabirusaren krisiak eten bat eragin du eskaeretan, eta, zalantzak uxatzeko, bere pisua dute CAFek jakinarazitako hiru kontratuak. Nolabait, enpresak jarduera betean jarraitzeko baldintzak badaudela berretsi dute.

Napoli, Amsterdam eta Stockholm

Ostiralean, hilaren 22an, CAFek akordioa sinatu zuen Ente Autonomo Volturnorekin, Italiako Campania eskualdean trenen arloko eskualdeko eta metropoliko garraio publikoaren zerbitzuaz arduratzen den sozietatearekin. Akordio horren arabera, hamar metro unitate hornituko dizkio, hiru urtez mantentze lan osoa egiteaz arduratuko da, eta parkeko piezez ere hornituko du. Piscinola - Aversa Centro linean emango dute zerbitzua CAFen metroek. Seina bagoik osatuko duten lehen lau trenen hornikuntza jasotzen du kontratuak.

Bestalde, CAF 63 tranbia unitatez hornitzen ari da GVB Activa BV enpresa publikoa, Amsterdam hiriko garraio operazioaz arduratzen dena, eta hark bederatzi tranbia berri erosteko aukera erabili du. 2016ko irailean egindako kontratuak jasotzen zuen aukera hori.

Era berean, CAFek Stockholm hiriko garraio sareaz arduratzen den enpresarekin, SL ABrekin, hiri horretarako tranbia proiektua zabaltzeko akordioa egin du. Kontratuak beste hamar unitate berriren hornikuntza jaso du.

Pandemiaren osteko lehen kontratua Espainiatik iritsi zen, hil honetan. CAF Signalling adarrak bi seinaleztatze kontratu egin ditu Adifekin, eta gero eta presentzia handiagoa du Espainiako seinaleztatze sektorean. Bi kontratu berriei esker, 30 milioi euroren eskaerak dauzka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.