enpresak

Candyk Bergarako lantegia itxiko du

Gaur egun lanean dabiltzan 173 langileetatik 150ek lanpostua galduko dute. Italiako taldeak argudiatu du lantegia ez dela errentagarria, eta Asian edo produkzio kostu txikiko beste herrialde batzuetan egitea defendatu du Roberto Roncalli giza baliabideetako arduradunak.

Candy taldeko langileen elkarretaratzea. RAUL BOGAJO, ARP
Iker Aranburu.
2014ko urriaren 30a
07:59
Entzun

Aspaldi honetan beldur ziren berria jaso dute gaur goizean Bergarako Candy-Hoover enpresako langileek: lantokia ixtea erabaki du haren jabeak, Candy talde italiarrak. Roberto Roncalli giza baliabideetako arduradunak eman die erabakiaren berri enpresa batzordeko kideei. Haren arabera, Bergarako fabrika ez da errentagarria, hor egiten duten produktua —goitik kargatzen den garbigailua— garesti ateratzen delako.

Roncallik gaineratu du 2005etik Candy-Hoover taldeak galerak izan dituela, eta defendatu egin du etxeko tresnak Asian edo produkzio kostu txikiko beste herrialdeetan egitea. Candyk duela urte batzuk ireki zuen garbigailuak egiteko lantegia Txinan, eta orain goiko kargakoak ere han egitea erabaki dute.

Goienak  jaso duenez, lantokiaren kanpoan bilduta ziren langileek haserre eta kezkatuta hartu dute enpresaren erabakia, eta protestak hastea erabaki dute. Lehenengoa gaur iluntzean bertan egin dute, San Martin plazatik abiatuta, "Enpleguaren alde, deslokalizaziorik ez!" lelopean.

Itxierak kalean utziko ditu gaur egun Bergarako lantegian aritzen diren 173 langileetatik 150. Gutxi batzuek bulegoetan lanean jarraituko dutela aurreratu du Roberto Romero (ESK) enpresa batzordeko presidenteak. Kaleratzeen baldintzei buruzko negoziazioa azaroaren 12tik aurrera hasiko da. Hilabeteko epea izango dute akordio bat lortzeko eta haren amaieran gauzatuko dira kaleratzeak. 

1941an sortutako lantegia

Enpresa historikoa da Bergarako Candy. 1941ean sortu zuten Julio Azkargorta eta beste enpresaburu batzuek haren aurrekaria, Mayc izenekoa. Hasieran makina elektrikoak egiten zituzten baina etxetresna txikien ekoizpenera jo zuten gero, kafe-errotak, irabiagailuak eta bizarra mozteko makina elektrikoak, besteak beste.

1950eko hamarkadan jauzi handi bat egin zuen enpresak, Otsein izenarekin etxetresna handiagoak ekoizten hasi baitziren. Bergarako lantegian egin zen Euskal Herriko lehen garbigailu automatikoa.

Urte on batzuren arazo ekonomikoetan sartu zen Mayc, eta lantegia italiako Candy multinazionalari saldu zion. Hozkailuak, ontzi-garbigailuak, izozkailuak eta beste produktu batzuk egin izan dituzte Bergaran, baina  azkenaldian goiko kargako garbigailu txikietara mugatuta zegoen ekoizpena. 

Krisiak eta lehiakide merkeagoen agerpenak kolpe  handia eman diote Bergarako lantegiari. Azken bost urteotan lana eteteko hainbat erregulazio espediente jasan dituzte langileek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.