Hedatzen jarraitu aurretik bere fusioaren digestioa egitea zen Kutxabanken asmoa, baina Espainiako Gobernuak finantza erakundeei ezarritako baldintza berriek ez diote itxaroteko auke- rarik emango. Atzo abiatu zen Catalunya Bancen salmenta prozesua, eta horretan parte hartuko duela onartu du Kutxabankek. Izan ere, operazio bakarraren bidez lortu nahi duen neurria lortzeko aukera da. Erosleak sektorearen babesa izango du, Kataluniako bankuak etxegintzaren arloan izan ditzakeen galerak estaltzen laguntzeko.
Atzo zabaldu zuen Catalunya Bancen enkantea FROB Bankuak Berregituratzeko Funts publikoak. Bere esku duen %89,74 ez ezik, bankuaren sortzaileak —CatalunyaCaixa— gordetzen duen %10,26 ere salgai jarriko du. Interesa azaldu duten finantza erakundeei salmenta txostena izenekoa banatuko die orain. Horretan azaltzen dira zehatz-mehatz Catalunya Bancen kontuak. Aztertu ondoren, interesari eusten diotenek erosteko eskaintza egin beharko diote Espainiako Bankuari, eta hark erabakiko du zeinen esku uzten duen.
Kutxak Eferi adierazitakoaren arabera, oraindik ez dute erabaki eskaintza egingo ote duten. Baina sektorearen ustea da Kutxabankek apustu handia egingo duela Catalunya Banc bereganatzeko, harekin lor dezakeelako nahi duen 150.000 milioi euroren aktiboen neurria: 75.000 milioi Kutxabankena eta 77.000 Catalunya Bancena.
Mario Fernandez Kutxabankeko buruak behin baino gehiagotan esan du neurri hori beharrezkoa izango dela aurrerantzean lehiatzeko. Eta behin baino gehiagotan adierazi du 2012an BBKren, Kutxaren eta Vital Kutxaren bat egitea osatzen nahiko lana izango zutela. Orain, bi prozesuak batera egitea posible dela diote bankuko iturriek. Aukera, izatekotan, orain baitago. Banca Civica Caixabanken esku eta Unnim BBVAren esku geratu direnez, Catalunya Banc erostea da Kutxabanken karta bakarrenetakoa bere buruek nahi duten neurria bizkor lortzeko.
Beste posibilitate bat da ikustea zer gertatuko den Galiziako NCGrekin. Haren arduradunak atzerriko kapitalaren bila dabiltza, eta irailera arteko epea dute aurkitzeko. Arrakastarik ez badute, bankua enkantean jarriko du FROBek.
Azken aukera da fusioen eta erosketen hirugarren oldearen zain geratzea, baldin eta orain abian den bigarrenak hainbat erakundek duten kaudimen arazoa konpontzen ez badu.
Erosteko laguntza
NCGk bezalaxe, Catalunya Bancek ere irailera arteko epea eman zion inbertsiogile bat aurkitzeko. Irailean nazionalizatu zuten,FROBek 1.718 milioi eurorekin kapitalizatu baitzuen, porrot egin ez zezan. Salbatzailea bere kasa aurkitzeko ahaleginetan porrot egin duela aitortu du Adolf Todo CatalunyaCaixako buruak, eta, horregatik, salmenta prozesua uda aurretik egiteko eskatu zion Espainiako Bankuari.
Kutxabankekin batera Santander, Banco Popular, Ibercaja eta agian BBVA lehiatuko direla espero du sektoreak. Guztientzat eskaintza interesgarria da, Katalunian merkatu kuota handia duelako, baina baita arriskuz betetakoa ere. Azken urteotan zuzkidura handiak egin dituen arren, beste 2.600 milioi jarri beharko ditu jabe berriak: ia 1.600 estalduretan eta mila milioitik gora kapitalean. Arrisku horrez estaltzeko laguntza jasoko du erosleak, FGD Gordailuen Bermerako Funtsaren bitartez. Arazoa da funts hori hustu dutela azken operazioek. Espainiako Gobernuak hurrengo egunotan argituko du zein ekarpen egin beharko duten finantza erakundeek kutxa hori betetzeko. Bankuen haserrerako, Estatuak dio ez duela diru gehiago jarriko.
Banco de Valenciaren enkantea ere hasi du Estatuak. Azaroan bere gain hartu zuen Espainiako Bankuak, 3.000 milioi euroko zuloa zuelako. Kutxabankek iragarri du ez dituela aztertu ere egingo Banco de Valenciaren kontuak.
Catalunya Bancen enkantea hasi da, Kutxabank hautagaien artean dela
Eskaintza irmoa egingo duen erabaki aurretik, Kataluniako finantza erakundearen kontuak aztertuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu