CCOO eta UGT sindikatuek mobilizatzera deitu dute gaurko Hego Euskal Herrian

Donostian, Bilbon eta Gasteizen manifestazioak egingo dituzte 19:00etan; Iruñean eta Tuteran, berriz, 20:00etan egingo dituzte. Deialdiarekin bat egin dute SATSE, SAE, UTESE eta CSIF sindikatuek ere. Kongresuak gaur onartu du azkeneko neurri sorta PP eta UPNren botoekin, artean, BEZaren igoera eta langabezia laguntzen jaitsiera.

2012ko uztailaren 19a
18:39
Entzun

Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak iragarri dituzte gaur arratsalderako CCOO eta UGT sindikatuek; Herrialdea suntsitu nahi dute, eragotzi egin behar dugu, gehiago gara lelopean. Donostian, Bilbon eta Gasteizen manifestazioak egingo dituzte 19:00etan; Iruñean eta Tuteran, berriz, 20:00etan egingo dituzte. Deialdiarekin bat egin dute SATSE, SAE, UTESE eta CSIF sindikatuek ere. 

Damaso Casado UGT-Euskadiko buruak, ez du inolaz ere baztertu greba orokorrera deitzea: "Ziur urtea amaitu aurretik egin beharko dela". UGTk eta CCOOk gaitzetsi egin dute ELAren eta LABen jarrera, deialdiarekin bat egiteari "ezezkoa" eman diotelako. Dena den, adierazi dute sindikatuen batasunaren alde lanean jarraituko dutela.

Era berean, ELA sindikatuak ez du bat egin Euskal Herria Bildu koalizioak larunbaterako deitutako manifestazioarekin (Bilbo, 17:30). ELAk dio ez duela onartuko alderdi politikoek gizartearen eta sindikatuen mugimendua "modu alderdikoian" erabiltzeko asmoa. 

Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eskaera argia egin zien atzo Hego Euskal Herriko gobernuei: "Herri galdeketak egin ditzatela eskatzen diegu, erakundeek hartu behar duten bideari buruz erabakitzeko". Atzo goizean Donostian egindako agerraldian, Etxaidek esan zuen herritarrek bi aukeraren artean erabaki beharko luketela galdeketa horietan: Espainiaren menpe egotearen edo Euskal Herriak bere bide propioa egitearen artean. Alderdi politikoei "goi mailako erabaki politikoak" hartzeko deia egin zien LABek.

Erreferendun bat egitearen alde agertu dira, halaber, Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez Espainiako CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak; "herriak bere iritzia plazaratu dezan". 

Dagoeneko hainbat gizarte eragile eta sindikatu atera dira kalera, Espainiako Gobernuak "herritarren kontra" hartutako neurriei aurre egiteko. Sindikatu abertzaleek asteartean egin zituzten protestak eta ez zuten baztertu greba orokorra. Prostestek larunbata bitartean jarraituko dute, gutxienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.