CCOO prest dago Confebaskekin negoziatzeko

Grebaren ondoren herrialdekako itunak lan erreformatik babesteko saioa egin nahi du patronalarekin

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
CCOOk konpromisoa erakutsi du gainontzeko sindikatuekin eta Confebask patronalarekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektorekako lan itunen negoziazioei berriz heltzeko, euskal negoziazio kolektiborako esparru propioa lortu ahal izateko asmoarekin. «Lan erreforma onartu ondorengo egoera ez da lehengo bera, baina negoziatzeko ahalmena bilatu beharra dago», Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak adierazi duenez. Era horretan, lan erreformak negoziazio kolektiboari eragingo lizkiokeen kalteak eragotzi nahi ditu sindikatuak. Edozein modutan, Sordok argitu du sindikatu eta patronalen arteko negoziazio horiek martxoaren 29 grebaren ondoren egingo lituzketela, «bertatik indartuta aterako baikara».

Ez da denbora asko EAEko sektorekako lan itunen negoziazioak amaitu zituztenetik. Otsailaren 8an izan zen sindikatu eta patronalaren arteko azken bilera, eta ez zuten inongo akordiorik lortu. Hiru herrialdetako lan itunak ezin izan zituzten Espainiako negoziazio kolektiboaren erreformatik babestu. Elkarrizketa horietan, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak hartu zuten parte. ELAk bere aldetik, uko egin zion negoziatzeko eskaintzari, Espainiako Gobernu berriak arlo horretan egin beharreko erreforma zertan zen artean ez baitzegoen argi.

Presio neurri gehiago

CCOO eta UGT sindikatuek gaur erregistratuko dute Eusko Jaurlaritzan datorren martxoaren 29rako greba deialdia. Sordoren esanetan, «grebak itxura ona dauka, eta erantzun ona izango du». «Gobernuak ez badu atzera egiten eta lan erreforma negoziatzen ez badu», arrakasta hori presioa egiten jarraitzeko baliatuko dutela ohartarazi du. Presio hori egiteko eman beharreko pausuak gainerako sindikatu eta eragile sozialekin adostu beharko liratekeela adierazi du, gainera.

Neurri horiek Euskadiko CCOOren batzar konfederalean onartu zituzten atzo, aho batez. Sindikatuak, beraz, Espainiako Gobernuak orain arte egin ez duen negoziazioa eskatu du, eta «erreforma sindikatuekin adostu gabe» egin izana salatu. Era horretan, «gehiengo parlamentarioan bakarrik dagoenaren boterea erabilita», Espainiako Gobernuak eragile sozialen zilegitasuna urratzen du, CCOOren ustez. Ikuspuntu hori, «autoritarismotik» gertu dagoela iritzi dio sindikatuak, eta sistema demokratiko baten ekinbidea gogorarazi dio Raxoiri: «elkarrizketa sustatu, aurkako ikuspuntua izan dezaketen eragileen artean».

ELA eta Galiziako CIG sindikatuek, ordea, lan erreforma aldatu ahal izateko aukera horri ezezko borobila eman diote. Izan ere, negoziatzen saiatzea ere «Espainiako Gobernuaren alde bakarreko proposamenari babesa» ematea dela iritzi diote bi sindikatu horiek. Era berean, «hila» dagoen elkarrizketa sozialari ere propaganda egingo liokeela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.